Zuretzat
Gurasoak
Euskararen transmisioa: Etxeko joerak umeen eredu
2008/01/01 - Iruzkinak: 0
Etxean zer ikusi, hura ikasi lemapean lanean ari dira joan deneko hiru urtean Buruntzaldeko Udalak.
UMEARENTZAT eredu dira bere ingurune hurbileko helduak: irakasleak, zaintzaileak, begiraleak, eta batez ere, gurasoak. Konpainia horretan barneratzen ditu umeak hainbat eta hainbat ezagutza, jarrera eta balio, bizitzan zehar berarekin eramango dituenak, bere izaera garatzen lagunduko diotenak, ez bakarrik hizkuntzari dagozkionak, baizik eta bere ahalmen guztien garapen oso eta egokirako beharko dituenak, bere bizitza ikusteko modua osatuko dutenak. Prozesu horretan barneratuko ditu umeak, besteak beste, hizkuntza ezagutza eta honekiko jarrera.
Etxeko hizkuntz ereduaren garrantziaz jabetuta, Buruntzaldeko Udalak transmisioaren inguruan lanean ari dira joan deneko hiru urtean. Helburua, batik bat, gurasoek transmisioaren gaineko hausnarketa egitea da, bere garrantziaz jabetzea eta bakoitzak ahal duen neurrian, pausoak ematea, txikiak izanda ere, euskararen erabilera normalizatzeko.
Hizkuntza transmititzeko modurik onena familia
Familia da euskara ikasteko modurik errazena, merkeena eta eraginkorrena. Aukera hori ez dagoenean, eskolak betetzen du gehienetan egiteko hori, baina eskola ez da nahikoa bera bakarrik hizkuntza baten transmisioa ziurtatzeko. Gazte askok eskolan ikasten dute euskara, baina, gero, beren artean gaztelaniaz hitz egiten dute.
Euskara etxean eta lehen hizkuntza moduan ikasi dutenak dira, gehien bat, euskara erabiltzen dutenak. Etxea edo familia ditugu kultura eta hizkuntzari, esaterako, ongien eusten dietenak, izan ere, euskara irakastearekin batera, euskara erabiltzeko ohitura edo erabilerarekiko ardura ere transmititzen dute gurasoek.
Hizkuntzak erabili egin behar dira
Hizkuntza ezagutzeak, jakiteak alegia, ez du esan nahi erabiltzen denik. Eskolaren zeregin nagusia ezagutzan sakontzea da baina eskolan ikasitakoa beste esparru batzuetan erabili egin behar da, ezagutza sendotzeko.
Beste hainbeste esan daiteke kalitatearen inguruan, ezagutzak ez baitu ziurtatzen halabeharrez kalitatea. Kalitateak ez du esan nahi bakarrik, zuzentasunez idazteko eta hitz egiteko gaitasuna; harago doa, egokitasuna eta erosotasuna ere esan nahi baitu; alegia, hizkuntzak tresna egokia behar du izan edozein egoeratan, eta batez ere, tresna erosoa, erosotasun horrek hiztuna hizkuntza hori erabiltzera eramaten duelako.
Esfortzu txikiaren abantailak
Helburu nagusia da umearen inguruan ahalik eta euskal girorik aberatsena eta ugariena eskaintzea, izan ere, zenbat eta euskaraz bizitzeko aukera gehiago, orduan eta gehiago barneratu eta erabiliko du hizkuntza.
Egitasmoaren helburua da gurasoek, ahal duten neurrian, saiakera egitea beren seme-alabei euskararen ezagutza eta hizkuntza honekiko jarrera egokia erakusteko; pauso xumeen bidez aurrerapausoak ematea hizkuntzaren normalizazioan, esfortzu txikiak dituen abantailez baliatuta.
Familiak eredu
Familia eredua asko aldatu da azken urteetan; beste hainbeste gertatu da etxeko hizkuntz ereduarekin: guraso euskaldunak daude, erdaldunak, bikote euskaldunak, erdaldunak, mistoak... Hain zuzen ere, guraso mota ezberdinei egokitutako laguntza gidak jarri dituzte eskuragarri kanpaina honetan, bikote euskaldun, erdaldun eta mistoei zuzenduak. Esate baterako, guraso euskaldunei jabetzen lagundu nahi diete etxean seme-alabei euskara transmititu, euskara hori ahalik eta egokiena izan eta erabiltzeak duen garrantziaz, izan ere, guraso asko dira, esaterako, umeari euskaraz egin bai, baina beren artean gaztelaniaz egiten dutenak.
Guraso erdaldunek aurrerapauso garrantzitsua egiten dute seme-alabei euskaraz ikasteko aukera ematen dietenean. Baina eskolak bakarrik ezin du hizkuntza biziberritu, horretarako funtsezkoa baita familia eta, oro har, ingurune hurbila ahalik eta euskaldunena izatea eta etxean hizkuntzarekiko jarrera egokiak adieraztea eta jasotzea.
Materiala eta ikastaroak
Ikastetxeei eta gurasoei lanak errazte aldera, hainbat material didaktiko eta pedagogiko sortu dute. Materiala ikastetxe, etxe, guraso eta umeen adin eta behar ezberdinei egokitua dago.
Ume bat jaiotzen denean, gurasoei zoriontzeko eskutitza bidaltzen zaie, besteak beste, gurasoek umeak jasoko duen hizkuntz jabetzearen gaineko hausnarketa egin dezaten. Horrez gain, lotarako kantak dituen CDa eta aurrerago umeekin erabiltzeko euskarazko hitz goxoen zerrenda jasotzen dute.
Haur eskola garaian, gurasoek gida bat jasotzen dute, egingo dituzten aukeraketen garrantziaz jabetzeko, esaterako, seme-alaben zaintzailea euskalduna izateak duen abantailaz. Umeak eskolaratzen dituztenean gurasoei hainbat liburuska eta esku-orri ere banatu zaizkie ikastetxeen bidez, gaiaren inguruan hausnartu eta nahi izanez gero, etxeko lanak egin ditzaten.
‘Hizkuntza ez da jaboia’
Material hauez gain, gurasoei ikastaro ezberdinak eskaini dizkiete: ipuinak sortzen edo kontatzen ikasteko, eta kantuan eta jolasean ikasteko, beti ere euskaraz. Horrez gain, Kike Amonarrizen eta Paula Casares adituen hitzaldiak izan dituzte aurreko eta aurtengo ikasturtean.
Ikastetxeei dagokienez, Hitzak ez du antzik jaboiarekin izeneko DVDa prestatu dute ikastetxeekin batera, gurasoekin lantzeko. Helburua honakoa da: hizkuntz egoeraren berrikusketa orokorra egin ondoren, eta egindako aurrerapausoak gutxietsi gabe, hobetu daitezkeen alderdien gaineko hausnarketa egitea ikastetxeekin eta gurasoekin.
Lan talde teknikoa
Egitasmo hau aurrera eramateko gaiaren inguruko lan talde teknikoa sortu zuten Buruntzaldean. Bertan, zonaldeko udal euskara teknikariak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Saileko teknikari bat, HABEko teknikari bat eta Soziolinguistika Klusterreko kide bat daude. Lan taldea materiala sortu eta gaiaren inguruko hainbat ikerketa egiten ari da, egitasmoaren jarraipena egiteaz gain.
Material osagarria:
Egitasmoak
Erantzun albiste honi
Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrez bete behar dira.