Egitasmoak
Seme-alaben aisialdia
Web gune honetan topatuko duzun gida hau Buruntzaldeko sei udalok prestatu dugu. Gidaren helburua da udalerri bakoitzean hamasei urtetik beherakoei euskaraz aisiako edo denbora libreko zer eskaintza dagoen jakitera ematea eta zer egin nahi duten aukeratzen laguntzea.
Informazioa jarduera-motaren arabera dago antolatua: aisia, akademiak, dantza, bertsolaritza, kirola eta beste hainbat jarduera ageri dira, bata bestearen ondoan sailkatuak. Horrez gainera, herriko informazioaren amaieran, erakundeen zerrenda aurkituko duzu, informazio gehiago nahiko bazenu ere.
Eskualdeko ia-ia haur eta gaztetxo guztiek euskaraz ikasten dute. Hortaz, eskolak (eta, askoren kasuan familiak) emandako euskarazko gaitasuna eskolaz kanpoko jardueretan normaltasun osoz baliatzea nahiko genuke udaletako arduradunok, uste baitugu horixe dela onuragarriena, bai euskarak aurrera egiteko, bai eskualdearen giza garapenaren aurrerabiderako.
Lehen esan bezala, hau gidaren hirugarren edizioa da, baina gehiagotan eta hobeto egitea nahiko genuke. Horretarako, ordea, beharrezkoa da zuk zeuk ere parte hartzea. Beraz, gida egunean edukitzeko, ondoko lerro hauetan seinalatu dizugu nola bete dezakezun eginkizun hori, nahi izatera behintzat.
Gidako jardueraren bat aukeratu eta gero, ikusten baduzu errealitatean ez dela euskaraz egiten edota informazioan edo zerbitzuan hutsuneren bat dagoela, eskertuko genizuke dena delako okerra Udaleko Euskara Zerbitzuari jakinaraztea, betiere honako datu hauek adieraziz:
- jardueraren izena.
- erakunde arduraduna.
- kexak eta argibide zehatzak.
Herriz herri
Aurkibidea
Albisteak
Motxian eby SMS lehiaketaren irabazleak
2011/04/08 - Iruzkinak: 0
Buruntzaldeko herrietan martxoan zehar Motxian eby SMS lehiaketa antolatu dute udalek. Buruntzaldeko DBHko 11 ikastetxetako gaztetxoek hartu dute parte.
MOTXIAN EBY 2011
2011/02/09 - Iruzkinak: 0
Otsailaren 14tik martxoaren 14a bitartean 2011ko SMSen "Motxian eby" lehiaketa egingo da www.buruntzaldea.eus webgunean. Buruntzaldeko ikastetxeetan otsailean zehar Adur Larreak emango dituen saioetako jasoleek parte hartu ahal izango dute. Saria ukitzeko pantaila duen sakelako telefonoa izango da.
Eskualdean euskaraz egingo diren jardueren berri izango dute hamasei urtetik beherako gazteek
2009/09/10 - Iruzkinak: 0
Eskualdean gaztetxoei zuzenduta dauden euskarazko jarduerak eta zerbitzuak internet bidez ikusi daitezke dagoeneko. Jardueren eta zerbitzuen gida Buruntzaldeko sei Udalek prestatu dute eta hamasei urtetik beherako gaztetxoei dago zuzendua.
Haur eta Gazteen Aisialdirako Begirale titulua ateratzeko ikastaroa
2009/08/14 - Iruzkinak: 0
Saioak irailaren 25etik urtarrilaren 30era izango dira, ostiraletan (arratsaldez) eta larunbatetan, Andoainen. Ikastaroan parte hartu nahi dutenek irailaren 1etik 18ra eman beharko dute izena.
Hernaniko Euskara Zerbitzuak udalekuetan izena emateko epea zabaldu du
2009/04/15 - Iruzkinak: 0
Aurtengo udarako ere udaleku irekiak eta kirol udalekuak antolatu dituzte.