Zuretzat
Gurasoak
Buruntzaldeko Euskaltegietako matrikulazioa zabalik
2011/09/14 - Iruzkinak: 0
Buruntzaldeko herrietako euskaltegiek prentsaurreko bateratua egin dute Usurbilen, eta eskualdeko herritarrei euskara ikasteko gonbita egin diete. Prentsaurrekoan Buruntzaldeko euskaltegietako ordezkariak eta udaletako ordezkari politikoak izan dira.
Urnietako David Rosco eta Usurbilgo Alaitz Aizpurua euskara zinegotziek hartu dute hitza aurrena, Buruntzaldeko Euskaltegietan izen emateko epea zabalik dagoela adierazteko. David Roscok adierazi du Buruntzaldean euskara ikasteko aukera paregabea dagoela eta ezaugarri hauek azpimarratu ditu: “Lehenengoa, gertutasuna da, herritar gehienek pauso batean baitute euskaltegia. Bigarrena, euskara ikasteko eskaintza zabala da, maila asko eskaintzen baitira, eta hirugarrena, euskara ikasleek udaletatik eskura ditzaketen diru-laguntzak”.
Diru-laguntzetara etorrita, Davidek adierazi du 2010/11 ikasturtean 11970 euro banatu zituztela Buruntzaldeko udalek diru-laguntzetan eta diru-laguntzei buruzko informazioa udaletako Euskara Zerbitzuetan eskura daitekeela.
Lasarte-Oriako (Muntteri) eta Usurbilgo (Etumeta) AEKko zuzendaria den Olatz Urdanpilletak xehetasun gehiago eman ditu. Adierazi du 2010/11 ikasturtean 730 lagun inguru joan zirela Buruntzaldeko euskaltegietara.
Helburua gero eta hiztun elebakar gutxiago izatea da, "alegia, gaztelania hutsez bizi edo mintzatzen direnen kopurua murriztea, pixkanaka". Urdanpilletaren esanetan, helburua ez da soil-soilik euskararen normalizazioa, "euskara ikastera animatzen den herritarraren aberastasuna baizik".
Jesus Mari Asurabarrenak, Lasarte-Oriako Udal Euskaltegiko zuzendariak eman ditu www.buruntzaldea.eus gunearen xehetasunak. Euskaltegien atalean norberaren maila zein den jakiteko aukera du erabiltzaileak. Mailaren arabera Buruntzaldean euskara ikasteko dituen aukerei buruzko informazioa ere eskura lezake. Azkenik, euskara ikasten hasi nahi dutenek web gunean bertan matrikula egiteko aukera ere badute.
Erantzun albiste honi
Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrez bete behar dira.