Buruntzaldea euskaraz

EU | ES
Buruntzaldea euskaraz
Facebook Twitter RSS Harremanetarako

Zuretzat

Gurasoak

Buruntzaldeko esperientziak izan dira entzungai Udaltop jardunaldietan

2009/05/14 - Iruzkinak: 0

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lasarte-Oriako Udalak elkarlanean antolatutako Udaltop udaletako euskara-zerbitzuen I. topaketak gauzatu ziren maiatzaren 7an eta 8an Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean. Jardunaldi horietan landu zen gaia Nola indartu euskararen erabilera familietan? izan zen.

Topaketetan jorratu zuten materiala eta aurkezpenetan erabili zituzten dokumentuak egun gutxi barru Udaltop webgunean zintzilikatuko dituzte, hala gaiarekin interesatuta daudenek aukera izango dute dokumentuak jaitsi eta kontsultatzeko. Bestalde, jardunaldietako bideoak ere epe laburrean sarean izango dira.

 

Jardunaldietan Euskal Herri osotik etorritako euskara teknikariek eta bestelako elkarte eta erakundeetako kideek hartu zuten parte, bai entzule bezala baita hizlari bezala ere. Hitzaldien artean Buruntzaldeko bi esperientzia entzuteko aukera izan zuten bertaratutakoek.

 

Nola heldu transmisioaren gaiari?

Pablo Suberbiola Soziolinguistika Klusterreko kideak Nola heldu transmisioaren gaiari? Buruntzaldean egindakoak eta ondorioak izeneko aurkezpena egin zuen. Horren baitan, Buruntzaldeko euskarako teknikariek Familia bidezko Hizkuntza Transmisioa (FHT) indartzeko garatutako egitasmoaren berri eman zuen. Programa hori HPS, HABE, SL Klusterra, Urtxintxa Eskola eta Hezkuntza Saileko teknikariekin batera garatu zuten.

 

Egitasmo horren baitan, 2005etik 2008ra bitartean egindakoarekin eta ateratako ondorioekin CD bat prestatu zuten interesa dutenen eskura jartzeko. Material horren deskribapena eta eduki nagusiak jaso zituen jardunaldietan egindako aurkezpenak.

 

Andoaingo Aita Larramendi Ikastola

Udaltopen egitarauaren baitan Andoaingo Aita Larramendi Ikastolako esperientzia entzuteko aukera ere izan zen. Iñaki Pikabea, Gloria Castaños eta Josune Irazu izan ziren oholtza gainean eta Buruntzaldeko familia bidezko transmisio programaren barruan Andoaingo Aita Larramendi ikastolan eskaini den tailerra deskribatu zuten.

 

Tailer horretan ikastolako gurasoen heziketa emozionala eta euskararen familia bidezko transmisioa uztartzeko saiakera egin zuten. Gurasoen euskararekiko portaeretan eragin nahi izan zen horren bidez, zeharkako bidea erabiliz, hots, heziketa emozionalaren arloko premiekin batera garraiatuz hizkuntzaren arloa. Horrela, zeharkakotasunez, diziplinarteko bidea aukeratuz eta gurasoei elkarlanerako gonbitea eginez euskararen normalizazioa landu zuten.

 

Aiurri aldizkariak Iñaki Pikabea psikologoa elkarrizketatu zuen duela egun gutxi. Izan ere, Pikabea izan da Andoaingo ikastolan ikastaroa emateaz arduratu dena. (Elkarrizketa osoa irakurri)
 

 

Erantzun albiste honi

Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrez bete behar dira.

© 2013 Buruntzaldeko Euskara zerbitzuak
Harremanetarako | Irisgarritasuna | Lege oharra
CSS | XHTML | WAI-A | iametza interaktiboa

Andoain Astigarraga Hernani Lasarte-Oria Urnieta Usurbil