Buruntzaldea euskaraz

EU | ES
Buruntzaldea euskaraz
Facebook Twitter RSS Harremanetarako

Urnieta

Euskara ikasteko aukera ugari Buruntzaldean

2020/09/09 - Iruzkinak: 0

- Irekita dago 2020-2021 ikasturterako matrikulatzeko epea

- Buruntzaldeko udalek diru-laguntza handiak ematen dituzte euskara ikasteko

2020-2021 ikasturte berrirako matrikulazio epea dagoeneko irekita dago. Hala adierazi zuten ostiralean Hernanin egin zuten prentsaurrekoan. Bertan izan ziren Hernaniko euskara zinegotzia, Oier Agirrerasobe Lizaso, Andoaingo euskara zinegotzia, Mikel Arregi Aranburu, Gurutze Salaberria Garmendia Udal Euskaltegietako ordezkaria eta Ixiar Eratsun Urtzelaieta, AEK euskaltegietako ordezkaria.

Iraila da matrikulatzeko momentua, eta euskaltegietako ateak zabalik daude, bai matrikula egiteko, baita ere, noski, informazioa emateko. Euskara ikasteko aukera asko dago Buruntzaldeko sei herrietan, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilen. Hauxe da momentua eta aukera paregabea pausoa emateko: euskararik ez dakienak ikasteko eta euskaraz zerbait dakienak hobetzeko.
Aurtengo egoera berezia kontuan hartuta, bestalde, era askotako aukerak eskainiko dituzte Buruntzaldeko euskaltegiek. Alde batetik presentzialak, osasun neurri guztiak kontuan hartuta, eta baita on-line ikastaroak eta autoikaskuntzakoak ere.

Aukerarik ez da faltako. Badira zortzi euskaltegi: bana Andoain, Astigarraga, Urnieta eta Usurbilen, eta bina Hernani eta Lasarte-Orian. Euskaltegi guztietan dago astelehenetik ostirala bitarteko eskaintza, goizetan, eguerdietan eta arratsalde-iluntzeetan banatuta. Maila guztietako ikastaroak daude: A1, A2, B1, B2 C1 eta C2. Euskaltegira bertara joaterik ez duenak ere badu aukera autoikaskuntza sistemaz baliatzeko. Herri batean ez bada bestean aurkitu daitezke norberaren premia eta ordutegietara egokitutako aukera ezberdinak.

Udal ordezkariek aipamen berezia egin zioten Udalek euskara ikasteko ematen dituzten diru-laguntzei: "Oraindik ere doakotasuna bermatua ez dagoenez, udalen helburua da herritarrei laguntza ematea euskara ikastea ahalegin ekonomiko handiegia izan gabe eta inolako herritarrik ez dadila geratu euskara ikasi gabe arazo ekonomikoagatik".Sei udalek ematen dituzte diru-laguntzak, eta baldintzak oso antzekoak dira. Herri guztietan nahitaezkoa da bermatzea klaseetarako gutxieneko asistentzia mailaren bat (% 80 - % 85); diru-laguntzen kopurua herriz herri aldatu egiten da, eta matrikularen % 70etik % 100era bitarteko laguntzak ematen dituzte Udalek.

Matrikulatzeko epeei dagokienez, Udal Euskaltegietan irailaren 3. astean itxiko da epea, eta AEK-ko euskaltegietan, berriz, irailaren amaieran.

Informazio gehiagorako



 

 

Erantzun albiste honi

Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrez bete behar dira.

© 2013 Buruntzaldeko Euskara zerbitzuak
Harremanetarako | Irisgarritasuna | Lege oharra
CSS | XHTML | WAI-A | iametza interaktiboa

Andoain Astigarraga Hernani Lasarte-Oria Urnieta Usurbil