Lasarte-Oria
Udaltop udaletako euskara-zerbitzuen III. Topaketak martxan
2011/02/28 - Iruzkinak: 0
Izen-ematea martxoaren 24a arte egongo da zabalik eta webgunean egin beharko da matrikulazioa.
Lasarte-Oriako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Eudelek antolatzen dituzten III. Udaltop udaletako euskara-zerbitzuen III. Topaketetako egitaraua dagoeneko prest dago. Hau da aurtengo topaketetan landuko den gaia: “Zer da euskara euskaraz ez dakitenentzat? Haiek euskarara hurbiltzeko, zer eta nola egin daiteke udaletatik? Bestalde, honako hizlari hauek izango dira: Jone Miren Hernández (EHU), Andoni Llosa (Trebiñoko Udala), Josep-Anton Fernàndez Montolí (Plataforma per la llengua), Maider Elkoro (Topagunea) eta Petra Elser (Banaiz, bagera elkartea). Iaz bezala, aurten ere hainbat udal, elkarte eta erakunderen esperientziak entzuteko parada izango da topaketetan. Horrez gain, ikerketa baten emaitzen berri izango da, eta mahai-ingurua («Hizkuntza politika, euskaraz ez dakitenei begira») eta talde-lana ere antolatu dira.
Hirugarren edizioak dakarren berrikuntza aipagarriena, ordea, erakusketa eta azoka izango dira. 2011ko Udaltop Topaketek, lehenengo aldiz, euskara zerbitzuentzat interesgarriak izan daitezkeen hainbat esperientzia bildu ditu erakusketan. Bestalde, azokan hainbat enpresak, elkartek eta erakundek eskaintzen dituzten zerbitzuen eta produktuen berri emango dute.
Topaketetan parte hartu nahi duenak www.udaltop.com webgunean eman beharko du izena otsailaren 24tik martxoaren 24ra bitartean. Matrikularen prezioa 80 eurokoa izango da (bi eguneko bazkaria barne). Topaketak apirilaren 7an eta 8an egingo dira Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean.
Erantzun albiste honi
Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrez bete behar dira.