Buruntzaldea euskaraz

EU | ES
Buruntzaldea euskaraz
Facebook Twitter RSS Harremanetarako

Lasarte-Oria

Euskara ikasteko aukera asko dago Buruntzaldeko sei herrietan

2019/09/09 - Iruzkinak: 0

Irekita dago 2019-2020 ikasturterako matrikulatzeko epea

Ia-ia doakoa eta kasu batzuetan erabat doakoa izan daiteke euskara ikastea Buruntzaldean

2019-2020 ikasturte berrirako matrikulazio epea dagoeneko irekita dago. Iraila da matrikulatzeko momentua, eta euskaltegietako ateak zabalik daude, bai matrikula egiteko, baita ere, noski, informazioa emateko. Euskara ikasteko aukera asko dago Buruntzaldeko sei herrietan, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilen. Hauxe da momentua eta aukera paregabea pausoa emateko: euskararik ez dakienak ikasteko eta euskaraz zerbait dakienak hobetzeko.

Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo Udalek aurten ere elkarren eskutik deia egin diete herritarrei, euskara ikasi edo hobetzeko helburuarekin euskaltegietan izena eman dezaten. Aipatutako sei Udalak Andoainen elkartu dira Buruntzaldeko zortzi euskaltegietako ordezkariekin batera, helburu batekin: euskaltegiek 2019-2020 ikasturterako martxan duten matrikulazio kanpaina babestu eta herritarren artean bultzatzea. Manuel Larramendi euskaltzale sutsuaren bustoaren bueltan elkartu dira sei udaletako ordezkariak eta zortzi euskaltegietakoak. Ezaguna da Manuel Larramendik euskarari buruz (euskararen gramatikari buruz, zehatzago esanda) idatzi zuen leloa: “ezina, ekinez egina”. Larramendiri jarraituz, Udalek adierazi dute, inondik ere ez dela “ezinezkoa” euskara ikastea; alderantziz, pixka bat saiatuz eta “ekinez”, beste edozein hizkuntza bezala ikas litekeela. Oso modu errazean: ikasiz erabili, eta erabiliz ikasi. Horretarako laguntza eta babes handia da, oso garrantzitsua, euskaltegietan eskuratzen dena. Euskara ikasteko eta euskaraz aritzeko aukera ematen baitute euskaltegiek.

Aukerarik ez da falta Buruntzaldean. Badira zortzi euskaltegi: bana Andoain, Astigarraga, Urnieta eta Usurbilen, eta bina Hernani eta Lasarte-Orian. Euskaltegi guztietan dago astelehenetik ostirala bitarteko eskaintza, goizetan, eguerdietan eta arratsalde-iluntzeetan banatuta. Maila guztietako ikastaroak daude: A1, A2, B1, B2 C1 eta C2. Euskaltegira bertara joaterik ez duenak ere badu aukera autoikaskuntza sistemaz baliatzeko. Herri batean ez bada bestean aurkitu daitezke norberaren premia eta ordutegietara egokitutako aukera ezberdinak. Euskaltegi guztiak daude HABEk homologatuak, eta profesional trebatuak dira klaseak ematen dituztenak.

Gainera, ez da garestia, merkea baizik, Buruntzaldean euskara ikastea. Sei herrien artean badira ezberdintasun txiki batzuk, baina sei kasuetan ia-ia doakoa da, eta kasu batzuetan guztiz doakoa euskara ikastea, baldintza batzuk betez. Sei udalek ematen dituzte dirulaguntzak, eta baldintzak oso antzekoak dira. Herri guztietan nahitaezkoa da bermatzea klaseetarako gutxieneko asistentzia mailaren bat (% 80 - % 85); dirulaguntzen kopurua herriz herri aldatu egiten da, eta matrikularen % 70etik % 100era bitarteko laguntzak ematen dituzte Udalek. Udalek emandako dirulaguntza hauez gain, HABEk ere dirulaguntzak ematen ditu. Horregatik, bada, ez da garestia, merkea baizik, kasu askotan doakoa izateraino, euskara ikasteko euskaltegian matrikulatuta aritzea Buruntzaldean.

2018-2019 ikasturteko ikasle kopurua zenbatekoa izan den irailaren amaieran jakingo da. Eta aurreko ikasturtean, 2017-2018an, guztira, 924 ikasle aritu ziren Buruntzaldeko euskaltegietan. Udalen helburua da, 2019-2020 ikasturte berrian 1.000 ikasletara iristea.

Matrikulazio eta informazio epea irekita dago (ikasketa-motak, ordutegiak, dirulaguntzak, eta abar). Euskaltegietan egin behar da matrikula, eta bertan eskuratu liteke norberak behar duen informazioa. Aldi berean, ordea, Interneten ere eskura liteke euskaltegiei eta euskara ikastaroei buruzko informazioa, bai udal bakoitzaren web gunean, eta baita ere ondorengo esteka honetan: www.buruntzaldea.eus

 

Erantzun albiste honi

Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrez bete behar dira.

© 2013 Buruntzaldeko Euskara zerbitzuak
Harremanetarako | Irisgarritasuna | Lege oharra
CSS | XHTML | WAI-A | iametza interaktiboa

Andoain Astigarraga Hernani Lasarte-Oria Urnieta Usurbil