Hernani
Maria Angeles Ibarguren: "Nik transmititu nion euskararekiko maitasuna alabari, eta orain biloba da nire euskara irakasle onena"
2017/11/10 - Iruzkinak: 0
Itsasondon jaio eta Andoainen bizi zen Maria Angeles Ibarguren, baita euskaraz bizi ere. Baina oso gazterik joan zen Argentinara, Necocheara, eta euskaraz egiteko ohitura galdu zuen; ez ordea hizkuntzarekiko eta euskal kulturarekiko maitasuna, alabari trasmititu ziona. Orain, alabarekin bizitzera etorri da Hernanira, eta euskara berreskuratzen ari da. Alabak berak, eta bilobak bereziki, laguntzen diote horretan.
Argentinarra dauka azentua, Maria Angeles Ibargurenek. Baina euskal herritarra da, Itsasondokoa jaiotzez, eta Andoainen bizi izandakoa. Ia euskara hutsean egiten zuen txikitan, eta euskara ikasten ari da orain; berreskuratzen, hobe esanda. Necochean igarotako 60 urteetan galdutako ohiturari, berriro heltzen.
Oso gazte zela, zortzi urterekin, joan zen Ibarguren Argentinara, gurasoekin eta anai-arrebekin, Frankismotik ihesi: «errepublikazalea zen aita, eta pertsegitu egin zuten. 1952an egin zuen berak ihes Necocheara. Lurrak erosi, etxea egin, eta hurrengo urtean joan ginen gu», dio Ibargurenek.
«Necochean euskaldun asko zeuden, baina egunerokoan ez ginen euskaraz bizi»
Gogoan dauka nola, beraiek bizi ziren nekazal ingurunean, bizilagun asko ziren euskaldunak: «Necochean euskaldun asko zeuden, eta Euskal Etxea oso handia da han; euskara ikastaro batzuk ere ematen zituzten. Baina egunerokoan, ezin genuen euskaraz bizi, eta galdu egin nuen pixkanaka».
Ez, ordea, euskararekiko eta euskal kulturarekiko maitasuna: «nik eta ahizpak, beti jotzen genuen Euskal Etxera, eta euskara ikastaroak ere egin genituen. Nire alaba bertan hasi zen euskara ikasten, pixka bat. Ez ginen euskaraz bizi, baina bai euskal giroan. Euskarak interes handia pizten du Necochean, eta familiatik haratago joatea lortzen du euskararen transmisioak, han».
Maria Angelesek transmititu zion maitasun hori alabari, eta askotan egin zuten bidaia Euskal Herrira, elkarrekin. Baina bidaietako bat, denboran luzeena, bakarrik egin zuen alabak: Bilbora joan zen, ikastera. «Hainbatetan Euskal Herrira etorri ondoren, esan zidan: ‘ama, hau da nire tokia munduan’», gogoratzen du Maria Angeles Ibargurenek.
Bilbon ikasi ondoren, Andoainera etorri zen bizitzera, eta Hernanin ezkondu zen azkenik. Duela lau urte etorri zen bera, alabaren pausoei segika, Necocheako ospitalean emagin izan ondoren, 37 urtez.
*Oharra: Urumeako Kronikatik hartutako artikulua
Irakurri osoa hemen
Erantzun albiste honi
Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrez bete behar dira.