Hernani
Lan munduan euskara sustatzeko hitzarmena sinatu dute
2014/06/20 - Iruzkinak: 0
Katealegaia eta Spora Ingurumen Zerbitzuak enpresek “Baietz Gurean” hitzarmena sinatu dute Hernaniko Udalarekin.
Buruntzaldeko Udalen artean antolatutako egitasmoa da “Baietz Gurean” eta hamar bat enpresa daude orotara hitzarmena sinatuta. Katealegaia eta Spora Ingurumen Zerbitzuak enpresa hernaniarrak, ekainaren 13an sinatu zuten ituna. Lehenak bigarren urtez jarraian parte hartu du, eta Sporarentzat esperientzia berria izango da.
Lehenik eta behin, Udalak enpresaren azterketa egiten du, neurtu egiten du, 1.000 puntuko neurgailuaren arabera, zein puntu-tartetan dagoen enpresa euskararen erabilerari dagokionean. Eta bide horretan aurrera egiteko hobekuntza-proposamenak adosten dira enpresarekin. Hitzarmenaren iraunaldian, urtebete gehienera jota, hobekuntza horiek egin eta puntuazioan gora eginez gero, dirulaguntza jasotzen du enpresak Udaletik.
Hitzarmena sinatu berri duten bi enpresetako ordezkariak, Pablo Núñez Garcia eta Mario Oliver Estrada, hurrenez hurren, gustura azaldu dira egitasmoarekin, eta lan munduan euskararen erabilera sustatzeko garrantzitsutzat jo dute.
Erantzun albiste honi
Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrez bete behar dira.