Hernani
Buruntzaldea ere euskararen alde
2019/04/15 - Iruzkinak: 0
Ibilbideko azken egunetan igaro da 21. Korrika Buruntzaldeako herrietatik, apirilaren 12an eta 13an. Harrera beroa izan du herritarren artean euskararen aldeko ekimenak, eta milaka izan dira arratsaldean nahiz gaueko ordu txikietan korrikan parte hartu dutenak.
Usurbil izan da lehena Korrikari ongietorria ematen. Arratsaldeko 14:24an sartu da klikaren furgoneta Aginan. 11 kilometroko ibilbidea egin du herrian barrena, eta guztira hamaika eragilek eta herri elkartek eraman dute lekukoa.
Eguraldi paregabea lagun, Lasarten ere ehunka lagun bildu dira euskararen alde korrika egiteko. Ttakun Euskara Elkarteak egin du herriko lehen kilometroa. Bertako Udako Txokoetako begiraleek eta koordinatzaileek eraman dute lekukoa herri erdiraino, haurrentzako aisialdiak euskara sustatzeko duen garrantzia aitortu eta langile horien konpromisoa eskertzeko. Añorgan donostiarrek hartu dute furgonetaren haria, eta goizeko ordu txikiak arte ez da berriz Buruntzaldean sartu.
Larunbata goizaldea iritsi da Korrikaren olatua Astigarraga, Hernani, Urnieta eta Andoainera, apirilaren 13an. Korrikako furgonetako alaitasunak gau iluna argitu zuen, eta 01:02tan Astigarragara iritsi bazen ere, jende andana izan du zain. Hernanin ere ordutegia ez da aitzakia izan bazter guztiak jendez eta euskararen aldeko aldarriz betetzeko: haur, nerabe, heldu, emakumezko, gizonezko nahiz adineko herritar oro bildu da zapatilak jantzita, eta bi urtean behin egin moduan, han hemengo taldeetako ordezkariek eraman dute lekukoa. Urnietatik barrena Andoainera bidean esan dio agur 21. Korrikak Buruntzaldeari.
Asigarraga-Hernani
Lasarte (Txintxarri Aldizkaria)
Urnieta (Aiurri Aldizkaria)Andoain (Aiurri Aldizkaria)
Erantzun albiste honi
Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrez bete behar dira.