Hernani
703 erronkalari, hizkuntza ohiturak aldatzen
2018/06/12 - Iruzkinak: 0
Erronkalarien %63 emakumezkoak dira, beste zazpi hilabete geratzen dira aldaketa gehiago egiteko edo aldatutako ohiturak finkatzeko. Uztailerako izena ematea irekita dago.
ASTE honetan eguneratu du Euskara Ari Du Elkarteak otsailaz geroztik Biterin jarrita duen markagailua. 408 izatetik, 703 izatera pasa dira erronkalariak Hernanin. Ekainetik aurrera 700 lagunetik gora ari da Hernanin hizkuntza ohituraren bat aldatzeko saiakera egiten.
Emakumeak dira nagusi erronkalarien artean: euskarari eusten ari diren guztietatik %63 emakumezkoak dira eta %37 gizonezkoak.
Adin-taldeei erreparatuta, berriz, %15 dira gazteak (30 urtetik beherakoak); %50 dira 30-44 urte artekoak; %29a osatzen dute 45-64 urte bitartekoek; eta erronkalarien %3ak dio 65etik aurrerakoak direla. Adina eman ez duten erronkalariak dira %100a osatzeko falta diren beste %3.
Beste zazpi hilabete geratzen dira aldatutako ohiturak finkatzeko eta aldaketa gehiago egiteko, eta, dagoeneko, irekita dago uztailerako izena ematea.
Webetik egin daiteke www.euskaraaridu.eus gunetik sartuta, eta baita papera beteta ere. Biteriko sarreran eta Larramendi 11n Euskara Ari Du elkarteak duen lokalean, badaude inprimakiak izena emateko.
Esperientziak konpartitzeko bi zita ekainean, aukeran
Bihar, larunbata, eta 12an, asteartea, aukera izango dute erronkalariek beren esperientziak, lorpenak, zailtasunak konpartitzeko: batek zein estrategia erabili duen aldaketa egiteko; besteak nola egin duen korapilo bat askatzeko; erantzun desegoki baten aurrean nola erreakzionatu duen...
Erronkan lasai eta gustora aritzeko pistak, aholkuak eta estrategiak ikasteko eta konpartitzeko aukera eskaintzen dute elkarteko kideek.
Biterin izango dira saioak, bihar eguerdiko 12:00etan; eta asteartekoa 19:00etan, aukeran. Euskara Ari Du-ren txapa hartzeko parada ere izango da bertan.
** Edukia eta argazkia Kronika.eus-etik hartua.
Erantzun albiste honi
Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrez bete behar dira.