Astigarraga
Nobelak sortzeko Augustin Zubikarai XIV. Saria Ondarroan
2014/07/02 - Iruzkinak: 0
Idazleen lana bultzatuz euskal kultura aberasteko Augustin Zubikarai XIV. Beka Saria antolatu dute Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak. 6.000 euroko beka emango zaio irabazleari eta urte beteko epean aurkeztu beharko du eleberria, Elkar argitaletxeak argitaratzeko.
Jatorrizkoak eta euskaraz eginak izan behar dute idazlanek, aurretik bekarik edo saririk jaso gabeak, inon argitaratu ez direnak eta inondik moldatu gabeak. Beste urteren batean Augustin Zubikarai saria jaso duenak ez du aurkezterik izango. Bestalde, parte-hartzaileek honako baldintzak bete behar izango dituzte lanak aurkezteko: alde batetik, lantzeko asmoa duen kontakizunaren azalpena ezaugarriak zehaztuz, argumentua, egitura, luzera, estiloa… (bi mila eta sei mila karaktere artean); beste aldetik, hamabost mila eta berrogei mila karaktere artekoa izango den idazlanaren lagina aurkeztu beharko du, baina ez nahitaez kontakizunaren hasiera (baina bai zati jarrai bat). Dokumentu hauek guztiak emailez bidali beharko dira mrey@ondarroakoudala.net helbidera, parte-hartzailearen izen-abizenekin, helbide elektronikoarekin, telefonoarekin eta Nortasun Agiriaren kopia eskaneatuarekin batera.
Aurkezteko azken eguna 2014ko irailaren 30a izango da, eta epaimahaiak 2014ko urriaren 31 baino lehen emango du erabakiaren berri. Erabakia hartzeko Ana Urkiza, Leire Bilbao eta Xabier Mendiguren egongo dira mahaian, eta aurkeztu diren lanen artean behar adinako kalitaterik ikusi ezean aukera izango dute bekarik ez banatzeko.
Diru-laguntza, esan bezala, 6.000 eurokoa izango da eta Ondarroako Udalak banatuko du. Irabazlearen izena emandakoan 3.000 euroko lehenengo banaketa egingo da, eta bekaren bigarren zatia lan osatua entregatu ostean emango zaio irabazleari. Idazlanak ezingo du beste sari edo bekarik jaso, ez bada argitaratu osteko sariren bat, eta lana entregatu, epaimahaiak onespena eman eta hiru hilabeteren buruan argitaratuta egon beharko du liburuak.
Urte beteko epea izango du bekadunak lana Ondarroako Udalean aurkezteko, eta gutxienez 150.000 karaktere izan beharko ditu idazlanak. Hasieran aurkeztutako proiektua aldatu nahiko balu epaimahaiarekin hitz egin eta adostu beharko da, eta urtebete pasata lanik entregatu ezean hasieran emandako 3.000 euroak itzuli beharko ditu.
Erantzun albiste honi
Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrez bete behar dira.