Astigarraga
Lehen aldiz Udalerri Euskaldunen Eguna ospatuko da Tolosan, ekainaren 14an
2014/05/13 - Iruzkinak: 0
Aurten lehenengo aldiz ospatuko da Udalerri Euskaldunen eguna
Aurten lehenengo aldiz ospatuko da Udalerri Euskaldunen eguna. Izan ere, orain arte, urtez urte, UEMA eguna ospatu izan da. Baina, euskararen normalizazioan udalerri euskaldunetatik egin daitezkeen ekarpenak elkarlanerako eremu zabalagoa behar duelakoan, aurten UEMA egunetik Udalerri Euskaldunen Eguna antolatzeko jauzia ematea erabaki da. Azken finean, udalerriak bilakatu nahi dira egunaren protagonista. Udalerri euskaldunen artean zubiak eraikiz udalen arteko elkarlana sustatu eta euskalgintza nahiz herri eragileen ekarpenak baliatuz arnasguneak sendotzeko.
Maren Belastegik azaldu duenez, “Aipatu egunaren helburua izango da udalerri euskaldunek euskararen geroan jokatzen duten paper garrantzitsua lau haizetara zabalduz, herritarren sentsibilizazioan eragin eta euskararen aldeko konpromisoak sustatzea. Euskararen arnasguneek hizkuntzaren normalizaziorako ekarpen ezin hobea egin dezakete, eta hain juxtu, horixe da balorean ipini nahi duguna. Udalerri euskaldunetako herritarrak nagusiki euskaraz bizi dira beren egunerokoan. Aipatu herrietan, euskara komunikaziorako hizkuntza baino gehiago ere bada, elkarbizitzarako tresna ere badela esan daiteke, gizarte kohesiorako elementu bateratzailea. Euskarak batzen ditu udalerri euskaldunetako herritarrak eta euskarari balioa ematen diote”.
“Udalerri euskaldunak bereziak dira hizkuntzaren ikuspegitik. Arnasguneek funtzio garrantzitsua jokatzen dute euskararen biziraupenean, eta funtzio garrantzitsua jokatu dezakete euskaren normalizazioan. Bide horretan, arnasguneak sendotu eta zabaltzeak ekarpen ezin hobea egin dezake. Udalerri euskaldunek hizkuntza politika bereziak behar dituzte. Hainbat udalekin batera horixe da UEMAtik bultzatzen ari garena. Baina, udalerri euskaldunetako errealitate soziolinguistikoari erantzuteko elkarlana zabalagoa artikulatu behar dugu, ezinbestean. Goi administrazioa, udalak, euskalgintza, eragile sozialak, herritarrak.. guztien ekarpena behar beharrezkoa izango da euskaren normalizaziorako.” gaineratu du Belastegik.
Ibai Iriarte alkateak berriz, UEMAri, Tolosako eragile sozialei, herritarrei eta Galtzaundi euskara taldeari eskerrak ematearekin batera, elkarlaneko aukera nabarmendu du: “Euskararen aldeko egun honen antolaketak elkarlanerako aukera berria eskaini digu. Eta hori jada ekarpen ederra da. Izan ere, soilik elkarlanean egingo diegu aurre ditugun erronkei. Tolosako udalak euskara sustatzeko konpromisoa hartua du bere aldetik, eta herriko eragile nahiz herriz gaindiko beste eragile eta instituzioekin elkarlanean aritu nahi du”.
Bestalde, euskararen sustapenean Tolosako udala ematen ari den pausoak ere azaldu ditu Iriartek: “Tolosako udaletik euskara sustatzeko hainbat egitasmo jarri ditugu abian. Zentzu horretan, ekarpen berri bat egitera dator Udalerri Euskaldunen Eguna. Tolosaldea eskualde euskalduna da. Oro har, oso euskaldunak diren herri txikiek osatzen dute eskualdea. Eta Tolosak, eskualde buru izanda, badu ardura berezi euskararekiko. Hizkuntzaren ikuspegitik eskualde berezia garela jabetzeak, euskarari egin diezaiokegun ekarpenaz jabetzera eramango gaitu. Eta bide horretan, ziur gaude, Tolosa eta Tolosaldeako eragile eta norbanako ugarirekin laguntza izango dugula. Asko dira jada, udalerri euskaldunen egunaren antolaketan laguntzeko prest agertu diren taldeak. Horrela, egitarau erakargarria osatzeko gai izango gara. Festa giroan ospatuko den egun honek, adin eta gustu guztietako herritarrentzako eskaintza barnebilduko baitu”.
Azkenik, Galtzaundi euskara taldeko kideak gaineratu du: “Herrietako protagonista nagusiak herritarrak dira. Eta udalerri euskaldunetan eta euskarari dagokionean herritarrak instituzioen aurretik doaz. Galtzaunditik euskararen sentsibilizazioan eragin nahi dugu. Eta horretarako, udalerri euskaldunen egunaren antolaketan murgiltzeaz gain, herritarren sentsibilizazioan eragiteko hainat ekitaldi antolatu ditugu, UEMA eta Tolosako udalarekin elkarlanean”.
Datozen egunetako hitzaldi eta tailerrak:
TOLOSA
- Maiatzak 8, 18:00etan, kultur etxean, Iñaki Eizmendi, “¿CÓMO AYUDARLES EN LAS TAREAS ESCOLARES SI NO SABEMOS EUSKERA?”
- Maiatzak 13, 19:30ean, kultur etxean, Mikel Zalbide eta Xabier Bengoetxea, “EUSKARAREN ARNASGUNEAK”
- Maiatzak 29, 19:30ean, kultur etxean, Jon Sarasua, “HIZTUNPOLISA, euskaltasunaren norabideaz apunteak”
- Ekainak 4, 19:30ean, kultur etxean, Dabid Anaut, “EUSKARAREN KATE HAUTSIAK”
- Ekainak 11, 14:15ean, kultur etxean, Estitxu Garai, “EUSKARA, TRESNA ETA AUKERA MERKATARITZAN”
- Eragileei eta norbanakoei zuzendutako “ARNASGUNEEN TAILER” bana egingo da ekainean.
VILLABONA
- Ekainak 11, 18:00etan, Mintzolan.Sagrario Aleman, “HIZKUNTZAREN GAINEKO JARRERAK NAFARROA GARAIAN”. Antzerki, erakusketa, film eta kontzertuak
- Maiatzak 9, 20:30ean, Topic-en, Inazio Tolosa eta Ramon Agirre, “KOKA KOLA ETA BAREA” antzezlana.Maiatzak 24, 20:00etan, Topic-en, Anariren KANTALDIA
- Ekainak 9, 20:30ean, Leidorren, Bernat Alberdiren, “EUSKARA, OSPELETIK EGUTERARA” dokumentala.
Joel Joan eta Sergi Lararen, “FENIX 11*23” film-a.
-
Ekainak 9-15 artean, erakusketa Tolosako kultur etxean “EUSKARAREN KATE HAUTSIAK”
Erantzun albiste honi
Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrez bete behar dira.