Buruntzaldea euskaraz

EU | ES
Buruntzaldea euskaraz
Facebook Twitter RSS Harremanetarako

Astigarraga

Ekainaren 2an estreinatuko da ‘Nur eta Herensugearen Tenplua’ film berria

2017/05/30 - Iruzkinak: 0

Toti Martinez de Lezearen eleberrian oinarritua eta Juanba Berasategi zendu berriak zuzendua

Gaztetxoen artean Nur liburuek izandako arrakastaren ostean, ekainaren 2an, Lotura Films etxeak ekoitzitako Nur eta Herensugearen Tenplua filma estreinatuko da Euskal Herriko zinema aretoetan. Toti Martinez de Lezea idazle ezagunaren Nur bildumako hirugarren liburuan oinarritutako lehenengo animaziozko filma izango da, Juanba Berasategik zuzendua, eta euskaraz estreinatuko da Euskal Herriko zinema aretoetan.

Ia bi urteko prozesu neketsua baina aldi berean aberasgarria izan dela aitortu dute pelikularen sorkuntza prozesuan lanean aritu den Lotura Films-eko lan taldeak. Elkarlaneko ariketa bat izan dela azaldu dute.

Nur bere gurasoekin batera Larrabetzutik Txinara joan da bizitzera. Bertan, lagun berriak egin ditu eta beraien lagunen urtebetetzea ospatzera jolas parke erraldoi batera joango dira. Koadrilako lagun bat aldendu eta bere bila abiatuko dira Nur eta bere lagunak baina bidean labirinto batean murgilduko dira eta bertatik ateratzeko buruhauste ugari izango dute gazteek. Abentura, irudimena eta jolasa ardatz izango ditu estreinatuko den pelikula berriak eta gaztetxoen arteko harremanak eta laguntasuna izango ditu hizpide.

Aurrestrenaldia maiatzaren 27an, larunbata, izan zen Donostiako Principe zineman 12:00etan. Bertan izan ziren Lotura Films-eko lan taldeko kideak eta baita Toti Martinez de Lezea, Nur liburuen bildumako idazlea ere.

Lotura Films ekoizpen etxea: urteak euskarazko animazioari loturik

Momentu berezian estreinatuko da filma, izan ere, Lotura Films-eko sortzaile izandakoa duela gutxi zendu da. Juanba Berasategik zuzendutako azken filma izango da honakoa Nur eta Herensugearen Tenplua. Lotura Films, animaziozko eta bestelako ekoizpenetan esperientzia handiko taldea da. 1992. urtean Juanba Berasategik sortu zuenetik animazioa izan du ardatz nahiz eta tartean dokumentalak ere ekoitzi dituen, horien artean Simplemente. Nur animaziozko pelikulan lanean hasi aurretik, Tormesko itsumutila eta Barriola San Adriango azeria lanak ekoitzi zituen Lotura Films-ek. Horretaz gain, bi aldiz jaso du Goya sarietarako izendapena Ahmed Alhambrako printzea eta Alhambrako giltza luzemetraiengatik.

 

Informazio gehiago:

 

Erantzun albiste honi

Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrez bete behar dira.

© 2013 Buruntzaldeko Euskara zerbitzuak
Harremanetarako | Irisgarritasuna | Lege oharra
CSS | XHTML | WAI-A | iametza interaktiboa

Andoain Astigarraga Hernani Lasarte-Oria Urnieta Usurbil