Buruntzaldea euskaraz

EU | ES
Buruntzaldea euskaraz
Facebook Twitter RSS Harremanetarako

Egitasmoak

Euskarazko Produktuen Katalogoa 2020

www.katalogoa.org plazerrezko produktuen ataria

2009/12/17 - Iruzkinak: 0

Durangoko Azoka egunotan zabalik, eguberriak ate joka… Urteroko hitzorduotarako baliagarria izango zaigun euskal produktuen 2009ko katalogoa kalean da jada. Papereko edizioko 9.000 ale banatu dituzte Buruntzaldean. Baina noiznahi kontsulta liteke gida, www.katalagoa.org web orrialdean. Eguneratu, itxuraz berritu eta edukiz indartu dute euskal produktuei eskainitako ataria.

Burua hausten denbora galtzea saihesteko erremedioa eskueran duzu. Euskal Herriko berrehundik gora udalek euskarazko produktuen 2009ko katalogoa argitaratu dute. Bertan dituzu bilduta merkatuan dauden disko, liburu, joko, jostailu, aldizkari eta beste hainbat produkturen erreferentziak. Produktu berriak asko, eta interesgarriak denak, 16 urte bitarteko haur eta gaztetxoek aisialdiaz gozatzeko. Euskal Herri osoan zehar 240.00 ale banatu dira egunotan.

 

Orain paperen eta noiznahi sarean

Papereko edizioak bereziki orain izango du bere balioa. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokara doanarentzat, poltsikoan produktuen gida eraman eta errazago aurkituko ditu, kalitateko eta euskarazko jolas edota aldizkariak. Bestela, laster bisitatuko gaitu Olentzerok ere. Ikazkinari helarazi nahi dion eskaera zerrenda egiten ari direnentzat lagungarri suertatuko zaie gida. Eguberriak igarota ordea, urtean zehar, izaten da beste aitzakia mordoa opariren bat egiteko; urtebetetzeak direla, detailetxo bat egiteko arrazoiak... Paperekoak bere iraungitze data izan ohi du, ez ordea sareak. Euskal produktuen katalagoa plazaratu izan ohi dutenek, teknologia berriek emandako aukerak baliatu nahi izan dituzte web orria goitik behera berritu eta eskaintza eguneratzeko. Hauxe, aurtengo berrikuntza nagusia.

 

Argitaletxeen parte hartzea

Web orrialde berritua, elkarlanaren emaitza izan bada prestakuntza fasean, aurrerantzean ere kudeaketa lanarekin gauza bera gertatuko da. Pasahitz baten bidez, euskal produktuak plazaratzeaz arduratzen diren argitaletxeek katalogoko edizio digitalean dituzten produktu berrien informazioa zintzilikatu ahal izango dute, eta hartara, euskal produktuen katalogoko web orria eguneratzen joango da.

 

Bospasei produktu berrienak "nobedadeak" izeneko atalean zintzilikatuko dituzte, web orrira sartu eta erabiltzaileak berehalakoan ikus ditzan. Atari berrituko atal dinamikoena izango da ziur aski, euskarazko produktuak kaleratu ahala, argitaletxeek bertan erakusgai jarriko dituzte eta. Bestalde, produktu sorta zabala ezagutzeko aukera emango du aurrerantzean aipatu atari berrituak. Produktu asko eta desberdinak izango direnez, bilaketa sistema erraza jarri dute erabiltzaileentzat. Adin tartea, prezioa, egilea, produktuaren izena, produktu mota... modu askotara egin dezakezu bilketa.

 

Produktu bakoitzaren ondoan oinarrizko informazioa ageri da; irudi bat, prezio orientagarria, edota argitaletxeen izena. Musika lan edota liburuen kasuan gainera, baita adin tartearen arabera sailkatuta ere. Berrienak, aurten kaleratu diren alor desberdinetako produktuak izar batekin ageri dira, gida eskutan duenak aldi berean nobedadeen berri izan dezan. Aipatu ikurra daramaten produktu batzuk, kalitatearen ikur ere badira, egitasmoko eragileei bereziki gomendatzeko modukoak iruditzen zaizkienak.

 

Gustukoa, gomendatu

Liburu, jostailu edo bestelakoen artean, zalantzarik izan dezake edonork. Zerbait erosi nahi, baina ezin aukeratu, ez baitu produktua ezagutzen. Horri ere konponbidea aurkitu diote. Katalogoari lotutako web orrialde berrituak iruzkinak egiteko aukera ematen du. Hartara, hautaketa egin baino lehen produktu bera erosi duten gainerako erabil tzaileen iritzi eta aholkuak ezagutu daitezke. Eta konbentzituak bagaude erostera animatu, gauden lekutik mugitu ere egin gabe. Gustuko dugun produktuan klikatu eta zuzenean, bere argitaletxeko web orrialdean sartuko gara, erosketa egiteko.

 

Modu tradizionala nahiago duenak, diru-zorroa patrikan sartu eta norbere herriko liburu dendaren batera joan liteke. Saltokira sartu baino lehen denda barruan euskal produkturik saltzen ote duten jakin ahal izango du. Egitasmo honetako eragileek iragarri dutenez, “hemen euskarazko produktuak salgai” dioen pegatinak banatzeko asmoa dute. Produktua erosi eta ezagututa, norbera jar liteke ordenagailu pantailaren aurrean eta euskal produktua epaitu; gustukoa ote duen, zergatik iruditzen zaion gomendagarria… Guztia web orrialdetik atera ere egin gabe.

 

Helbidea:

www.katalogoa.org

Informazio gehiago:

info@katalogoa.org

 

*Publierreportajea (2009) (226 Kb, PDF)

Egitasmoak

 

Erantzun albiste honi

Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrez bete behar dira.

© 2013 Buruntzaldeko Euskara zerbitzuak
Harremanetarako | Irisgarritasuna | Lege oharra
CSS | XHTML | WAI-A | iametza interaktiboa

Andoain Astigarraga Hernani Lasarte-Oria Urnieta Usurbil