"Sortuko dira besteak" emanaldia larunbatean izango da Hernanin
2013/10/24 - Iruzkinak: 0
‘Sortuko dira besteak’ emanaldia eskainiko dute larunbatean, Kiroldegian, 21:30etan. Punta-puntako 6 euskal artistek egingo dute bat eta baita Iosune Marin hernaniarrak ere.
Sortuko dira besteak ekimen kolektiboa iaz sortu zen eta Euskal Herriko hainbat txokotan arrakasta izan ostean, Hernanira iritsiko da larunbatean. Eta ez du zerikusirik izango aurreko emanaldiekin. «Nobedadez eta sorpresaz betea izango da emanaldia, orain arte ikusi gabea. Plaza inportantea da Hernani eta ilusio haundiz prestatu dugu emanaldia», azaldu zuen atzo prentsaurrean, Joxe Angel Arbelaitz antolatzaileak. Petti musikariak ere aldaketa ho-riei egin zien aipamena.
Luis Intxauspe alkateak azpimarratu zuen, halako ekimen bat Hernanin antolatzearen garrantzia eta herritarrei animatzeko dei egin zien. Joxan Goikoetxea eta Iosune Marin hernaniarren parte hartzeak duen garrantzia ere nabarmendu zuen.
Zubi generazionala eta ideologikoa
«Ez Dok Amairu taldearen aurreneko emanaldia Hernanin izan zen 1966an. Errobi taldeak ere, emandako kontzertu gutxietako bat Hernanin eman zuen 1979an. Belaunaldi bakoitzeko euskal musika esanguratsuenak beti izan du lekua Hernanin eta oraingoan ere hala izango da», azaldu zuen Goikoetxeak, ekimeneko zuzendari artistikoak.
Ekimen honen bidez, zubi generazionala sortu dela ere nabarmendu zuen: «Ibilbide luzeko artistak ditugu bertan, Mixel Ducau, esaterako. Eta baita hasi berri den 20 urteko Iosune Marin kantautore hernaniarra ere».
Zubi ideologikoa ere sortu omen da: «Iosunez gain, Olatz eta Estitxuk ere parte hartuko dute, emakumeen papera nabarmenduz. Beraz, gure aldarrikapenek ere lekua izango dute emanaldian, hau da, egoera sozio-politikoak». Herri harresia ekimenarekin bat eginez, abesti bat ere izango dela aurreratu zuen Goikoetxeak.
Parte hartuko duten 7 artistak, honakoak: Alex Sardui, Mikel Urdangarin, Petti, Olatz Prat, Estitxu Pinatxo, Mixel Ducau eta Iosune Marin. Goikoetxea ere bertan izango da beste 5 musikarirekin.
Sarrerak, 15 euroan
Emanaldia Kiroldegiko frontoian izango da 21:30etatik aurrera. Sarrerak salgai daude Oindi eta Aralar tabernetan, eta Biterin, 15 euroan. 650 lagunentzat izango da lekua.
*Iturria: Hernaniko Kronika
Erantzun albiste honi
Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrez bete behar dira.