Santiago Sarasola: "Bikain ziurtagiriak erabiltzaileen aurrean adeitasuna sorrarazten du"
2011/02/22 - Iruzkinak: 0
TSST Tolosa-Donostia ibilbideko autobus konpainiaren gerentea da Santiago Sarasola. Lasarte-Oria udalerrian egoitza duen aipatu konpainia aitzindaria da euskara lan munduan normalizazio bidean jartzeko prozesuan. Buruntzaldeko lan mundua euskalduntzeko egitasmotik bideratutako galderei erantzun die Sarasolak.
TSST Tolosa-Donostia ibilbideko autobus konpainiaren gerentea da Santiago Sarasola. Lasarte-Oria udalerrian egoitza duen aipatu konpainia aitzindaria da euskara lan munduan normalizazio bidean jartzeko prozesuan. Buruntzaldeko lan mundua euskalduntzeko egitasmotik bideratutako galderei erantzun die Sarasolak. Jarraian berarekin izandako solasaldiak utzi diguna:
Nagusiki zein da zuen lan jarduna?
Tranbia Elektrikoaren Konpainia 1902. urtean sortu zen, baina 1912ko abuztuaren 27rarte ez zen Donostia eta Tolosa arteko irekiera-bidaia gauzatu. Bere jarduera nagusia Donostia eta Tolosa bateratzen dituen Oria bailararen inguruko nukleo eta udalerri desberdinak lotzea da, horietatik gertu dauden Usurbil, Zubieta, Asteasu eta Zizurkil herrietara ere zerbitzuak eskainiaz.
Euskararen presentzia zenbaterainokoa da?
Euskararen erabilera nabarmena da enpresa barruan. Euskara ama hizkuntzatzat dutenek etengabe erabiltzen dute eta euskaldun berriak ere ahal duten heinean euskaraz mintzatzen dira. Gainera, badauzkagu hainbat atzerritar eta beraiek ere oinarrizko kurtsoetara joan dira ikasi eta euskaraz jardun ahal izateko.
Bestalde, bezeroei eskaintzen diegun informazio guztia; telefono-harrera, web-orria, esku-ordutegiak eta abar, euskaraz eskaintzen ditugu ere.
Eta nolatan eman zenuten euskararen normalizazio plan bat martxan jartzeko pausoa?
Hasieran zalantzak izan genituen, baina oso ondo erantzun zuten langileek. Eguneroko bizitzan euskaraz hitz egiten dutenek euren bigarren hizkuntza erabili behar izan ordez, euskaraz lan egiteko aukera ikusi zuten. Ez zekitenek ere aldeko jarrera agertu zuten; baina inork ez zuen ikusi inposizioa balitz bezala. Are gehiago, etorkinek integrazio aukeratzat jo zuten. Gustura hartu zuten, adibidez, esaldi errazak bilduz prestatu genuen liburuxka; egun, asko animatzen dira bezeroekin euskaraz egiten. Langileengan ez ezik bezeroengan ere izan du eragina jarreretan, izan ere ugaritu egin dira bezeroek enpresarekin izan ohi dituzten euskarazko komunikazioak (gidariekin harremanak, iradokizunak, kexak…)
Zer dakarkio Bikain bezalako ziurtagiri batek enpresari?
Enpresan euskara normalizatua eta erabilia dugula onartzen duen ziurtagiria da, eta horrek erabiltzaileen aurrean adeitasuna sorrarazten du. Gainera, euskal-administrazioek kontuan hartzeko hobekuntza da lan berriak eskaintzeko orduan.
Gomendiorik bai eskualdeko gainontzeko enpresarientzat?
Bai, noski. Gure bidea jarraitzera animatzen ditugu, euskara normalizatzeko plana indarrean jartzea enpresako maila guztientzako interesgarria delako.
BURUNTZALDEAN LAN MUNDUAN EUSKARA NORMALIZATZEN
Egitasmoak
Erantzun albiste honi
Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrez bete behar dira.