Nola bizitu zuten euskalduntasuna lasarte-oriatarrek frankismoan?
2014/10/09 - Iruzkinak: 0
Imanol Lizardik gidatuta eta “Euskararen kate hautsiak” liburuaren egilea den Dabid Anautek lagunduta, Juanita Kastresanak, Miren Zubeldiak eta Itziar Camarero Nuñez herritarrek euren testigantzak emango dituzte asteazkenean, 19:00etan, Manuel Lekuona kulturetxean izango den hitzaldian.
Aste osoan zehar Euskara, Ospeletik Eguterara. Hizkuntza zapalkuntzaren memoria erakusketa ikusgai izango da kulturetxeko erakusketa-aretoan, 10:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 21:00etara.
Euskaldunon hizkuntzaren oroimen historikoa berreskuratzen laguntzeko, ‘Euskara, ospeletik eguterara’ egitaraua prestatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskal Memoria Fundazioaren laguntzarekin.
Egitarau honek bi helburu ditu. Batetik, gipuzkoarrei ezagutaraztea euskararen eta euskal hiztunen aurkako bazterkeriaren gakoak eta testuingurua, eta baita euskaraz bizitzeko herritarrek egindako ahaleginak, horretarako bitartekoak eskainiz. Bestetik, egitasmo honen azken helburua da euskaldunok pairatutako jazarpena aitortua izan dadin oinarriak jartzea, geure memoria berreraikitzeko ariketa kolektibo horri begira herritarren ekarpena sustatuz.
Hitzaldia
Ildo horri jarraituz antolatu dute Lasarte-Oriako Udalak eta Ttakun Kultur Elkarteak asteazkeneko hitzaldia. 19:00etan hasiko da eta, izen bereko 20’ko dokumentala ikusi ondoren, Dabid Anautek gaiaren azalpenak emango ditu eta Imanol Lizardiren laguntzaz hiru herritarrek garai horiek nola bizi zituzten kontatuko dituzte lehendabiziko pertsonan.
Erakusketa
Hitzaldiaz gain, aste guztian zehar kulturetxeko erakusketa-gelan egongo da 12 panelek eta ikus-entzunezkoak osatzen duten erakusketa, hala nahi duenak ikusteko aukera izan dezan.
Euskal Jaia
Ospeletik eguterara izenburuaren zentzuari jarraituz, ospeletik ez ezik, eguteratik ere izan dugu eta dugu gaur egun ere euskaldunok. Horregatik, aste beraren barruan bildu da aurten Euskal Jaia eta eguteran gozatzeko parada izango da larunbaterako prestatutako egitarau zabalak gonbita egiten duen modura.
Erantzun albiste honi
Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrez bete behar dira.