Buruntzaldea euskaraz

EU | ES
Buruntzaldea euskaraz
Facebook Twitter RSS Harremanetarako

Albisteak RSS

"Irakurleak baiezkoa berretsi dit. Ez dago hau baino sari ederragorik"

2014/05/09 - Iruzkinak: 0

Urnieta

Miren Agur Meabek 2013ko 111 Akademiaren Saria jaso zuen maiatzaren 8an Urnietako Sarobe aretoan

Idazle sarituaren baimenarekin, irakurleak izan ziren protagonista 2013ko 111 Akademiaren Saria emateko maiatzaren 8an Urnietako Sarobe Arte Eszenikoen Gunean ospatutako ekitaldian. Kristalezko begi bat liburu sarituko hainbat pasarte irakurri zituzten, The Icer Company talde iruñearraren musika lagun zutela. Irakurraldi musikatu horiek izan ziren, hala, atzoko ekitaldiaren hari gidari.

Tartean, noski, Miren Agur Meabek 2013ko 111 Akademiaren Saria jaso zuen, Jon Unanue Larramendi Bazkuneko lehendakariak aurtengo bozketaren nondik norakoen berri eman ondoren: Mikel Pagola Urnietako alkatearen, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordearen eta Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendariaren eskutik jaso zituen idazle lekeitiarrak liburu sarituaren ale enkoadernatua eta izendapenaren egiaztagiria. "Liburu hau idatzi bitartean irakurlea lagun izan dut hasieratik. Lehen orrialdetik bilatu nuen haren konplizitatea, abisua emanda", adierazi zuen Meabek saria jaso ostean. "Galdetu diot ia nire antzekorik bizi izan ote duen, eta ia zilegi deritzon horretaz baliatzea literatura egiteko. Galdetu diot ia anakronikoa deritzon saminean edertasuna bilatzeari, eta ezintasunean kemena irudikatzeari.(...). Eta galdetu diot ia harrapatu duen jolasa, kristalezko begia ez da benetan kristalezkoa, eta kopiak ahalik eta zehatzenak izanik ere inoiz ez dira errealitatea bera". (...). Eta irakurleak erantzun egiten zidan, luze edo labur, baietz, uzkur edo eskuzabal. (...) Irakurleak nire buru barruan baietz esaten zidan, segitzeko, irakurketa sorkuntza ekintza etengabea dela, irakurleak berak osatu eta aberastuko duela testua, gure artean eratuko den intimitateak ez duela koordenatu finkorik eta arriskatzeko, pasatzeko pospoloa atzetik atzera, orrialde batzuek urratu eta sendatu egiten dutelako, biak batean, bai, idazten dituena, bai irakurtzen dituena. Eta liburua amaitu eta gero irakurleak baiezkoa berretsi dit. Horregatik, ez dago sari ederragorik hau baino. (...) Horrenbestez, kristalezko begi hau begiratu duten guztiei eta, une honetan zehazki, baita hain zoragarri irakurri duzuen irakurleoi ere, ehun eta hamaika mila keinu eta bat gehiago. Mila esker bihotz-bihotzez".

 

Erantzun albiste honi

Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrez bete behar dira.

© 2013 Buruntzaldeko Euskara zerbitzuak
Harremanetarako | Irisgarritasuna | Lege oharra
CSS | XHTML | WAI-A | iametza interaktiboa

Andoain Astigarraga Hernani Lasarte-Oria Urnieta Usurbil