Buruntzaldea euskaraz

EU | ES
Buruntzaldea euskaraz
Facebook Twitter RSS Harremanetarako

Albisteak RSS

"Ezetz asmatu 5 gezur borobilak" lehiaketako erantzunak eta irabazleak

2010/06/15 - Iruzkinak: 0

Buruntzaldeko udalek antolatutako lehiaketaren erantzun zuzenak zein diren, eta irabazleak zein izan diren jakin nahi baduzu, segi irakurtzen.

ERANTZUNAK: 8 esaldietatik 5 ziren gezurrak, eta horiek zein ziren asmatzea zen kontua. ERANTZUNAK: 1, 2, 5, 6 eta 8. Hona azalpena:

 

1- Munduan 6.500 hizkuntza hitz egiten dira egun, eta estatu bakoitzari bat dagokio.

 

Egia da munduan 6.500 hizkuntza inguru hitz egiten direla, baina 200 inguru dira estatuak. Beraz, oso kasu gutxitan ematen da estatu batek hizkuntza bakarra izatea. Islandia izan daiteke adibidea, baina ez da ohikoena. Hain zuzen ere, Europan baldintza hori betetzen duen bakarra da.

 

Orokorrean, hizkuntza-komunitate batek baino gehiagok osatzen du estatu bakoitza. Esaterako, Papua eta Indonesia dira deigarrienak, 850 eta 670 hizkuntza hitz egiten baitira, hurrenez hurren. Estatu Batuetan edo Errusian ere 100 hizkuntzatik gora hitz egiten dira.

 

2- Hizkuntzaren eskubideak defendatu behar ditugu, ez hiztunenak.

 

Hizkuntza-gaitasunak oso garrantzitsuak dira gizakiontzat. Ezinbestekoak izan dira gizakiaren eboluzioan eta iraupenean. Dena den, hizkuntzak kontzeptua dira. Aditu batzuek esaten dute zer den euskara eta zer ingelesa edo gaztelania. Zein hitz eta arau dagozkion bakoitzari. Baina, ez dago hizkuntza bat perfekto hitz egiten duen pertsonarik. Ez dago hitz guztiak jakin eta erabiltzen dituenik.

 

Hizkuntza kontzeptua den neurrian, ez du eskubiderik, udaberriak, askatasunak edo etxeek ez duten bezala. Eskubideak pertsonok ditugu. Etxeak ez du eskubiderik, pertsonok aitortu diogu geure buruari etxebizitza izateko eskubidea dugula, edo bizimodu duina izateko eskubidea eta beste hainbat.

 

Beraz, ez ditugu hizkuntza baten eskubideak defendatu behar, egungo eta etorkizuneko hiztunenak baizik. Ez dute hizkuntza erasotzen, hizkuntza horretan bizitzeko eskubidea duten pertsona eta komunitateak baizik.

 

5- Hizkuntzak arazoa dira enpresentzat. Mundu guztiak hizkuntza bakarra hitz egitea lortu behar dugu.

 

Ezinezkoa da. Zein aukeratuko genuke? Nirea ala zurea? Ez litzateke erraza izango aukeratzen, hain zuzen ere, interes ekonomiko handiak daudelako horren atzean. Hizkuntza eta kultura mailan lortzen den hurbiltasunak negozio aukerak zabaltzen ditu. Horregatik ari dira gobernuak horrenbeste institutu zabaltzen munduan zehar: Instituto Cervantes, Italiano de la Cultura, British Council, Institut Français, Goethe institut, Ramon Llull, Etxepare…

 

Hizkuntzek eraldatzeko joera dute. Gogoratu zer gertatu zen latinarekin. Bertatik eratorri dira egungo hainbat hizkuntza. Egia da egungo teknologiek erraztu egiten dutela harremana eta elkareragina, baina, hala eta guztiz ere, ingelesaren kasuan ere, ez da bera Estatu Batuetan, Ingalaterran edo Australian hitz egiten direnak. Eta are gutxiago bigarren hizkuntzatzat dutenetako askok erabiltzen dutena.

 

Aipatu bezala, hizkuntza-aniztasuna ez da konponbidea duen arazo bat, kudeatu behar den errealitate bat baizik, eta, ikuspegi ekonomikotik, errealitate anitz hori ongi kudeatzen duenak etekina lortzen du. Merkatu global honetan zaila da prozesu osoa hizkuntza bakarrean burutzen duen enpresarik topatzea. Bezeroa ez bada, hornitzailea edo langilea izango da beste hizkuntza batean aritu nahi duena. Horiek guztiek gure negozioarekin bat egitea nahi badugu, zaindu egin behar ditugu haiekikoak, besteak beste, hizkuntza. Gure kudeaketaren kalitatearen neurria ematen digu.

 

6- Hizkuntza indartsuak eta ahulak daude. Indartsuak hiztun gehien eta agintea dutenak dira.

 

Hizkuntzak kontzeptuak diren neurrian, ez dago hizkuntza handi edo txikirik. Hizkuntza-komunitateak izan daitezke handiak, eta, bereziki, ekonomikoki eta militarki indartsuak. Ingelesaren kasuan, egungo egoerak Ingalaterrak izandako kolonietan du lehen oinarria, eta egun AEBk duen botere ekonomiko eta militarrean bigarrena.

 

Dena den, leku batzuetan, hiztun gehien dituen hizkuntza ez da estatuko ofiziala. Esaterako, Indonesian. Javaera da hiztun gehien dituen hizkuntza, eta, aldiz, Bahasa indonesiarra da hizkuntza ofiziala (Ethnologueren arabera, Indonesian Javaerak 84,300,000 hiztun inguru ditu eta Bahasa edo Malaysierak 22,800,000 hiztun).

 

8- Ikasteko errazak eta zailak diren hizkuntzak daude.

 

Hizkuntza bat ikasteak ahalegina eskatzen du, beste edozein ikasketak edo aldaketak bezala. Hainbat gakok eragiten dute: motibazioak, nondik abiatzen garen, hizkuntzarekin dugun harremanaren maiztasuna… Helburuak berak ere eragina du, ez baita gauza bera bizilagunak esaten diguna ulertzeko beste ikastea, edo haren seme-alaben irakasle izateko ikastea.

 

Gure ustez ez dago hizkuntza zail edo errazik. Gehienez ere, hizkuntzen arteko hurbiltasuna izan daiteke. Baina distantzia hori erlatiboa izango da beti, jatorrizko hizkuntzaren baitan baitago. Hau da, Iruñea dago Lasarte-Oriatik gertuago Madril baino. Toledotik, berriz, ez. Eta Tokiotik begiratuz gero, antzerako egongo lirateke biak ere.

 

Hurrengoak EGIA ziren:

 

3- Munduko hizkuntzetatik, hiztun gehien duten %10en artean dago euskara.

 

Egia da. David Crystal linguistari entzuna diogu baieztapen hori. Munduan 10 hizkuntzak dituzte hiztunen %50. 100 milioi hiztun baino gehiago dituzte guztiek. Euskarak, berriz, 650.000 hiztun ditu. Horiekin alderatzen badugu, euskal hiztunen komunitatea txikia da. Baina, hizkuntzen %80k 100.000 hiztun baino gutxiago dituzte. Beraz, euskarak dituen hiztunak baino askoz gutxiago dira.

 

4- Estatu Batuek ez dute hizkuntza ofizialik, eta aireportura eramaten zaituen metroko txartela erosteko makinak 8 hizkuntzatan daude.

 

Egia da. Estatu Batuetako konstituzioak ez du hizkuntza ofiziala zehazten. Estatu bakoitzak bere erara kudatzen du hori. Gai honetan gehiago sakondu nahi duenak klikatu hemen. Metroko txartelei dagokionez, hemen duzue 2009ko abuztuan aireporturako bidean ateratako argazkia.

 

7- Oronaren igogailuetan zein pisutara iritsi garen adierazteko ahotsa euskaraz nahiz gaztelaniaz jar daiteke.

 

Egia da. Aretxabaletan GSR enpresak kudeatzen duen zaharren egoitzako igogailuak euskaraz eta gaztelaniaz ematen du informazio hori.

 

IRABAZLEAK:

 

Zorionak irabazleei. Hauek dira:

 

  • ANDOAIN: Olga Hernández
  • ASTIGARRAGA: Yolanda Lopez
  • HERNANI: Iñaki Valle
  • LASARTE-ORIA: Yoana Martin
  • URNIETA: Imanol Elizegi
  • USURBIL: Ruth González

 

 

 

 

Egitasmoak

 

Erantzun albiste honi

Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrez bete behar dira.

© 2013 Buruntzaldeko Euskara zerbitzuak
Harremanetarako | Irisgarritasuna | Lege oharra
CSS | XHTML | WAI-A | iametza interaktiboa

Andoain Astigarraga Hernani Lasarte-Oria Urnieta Usurbil