Euskarazko Produktuen Katalogoa aurkeztu da Koldo Mitxelena Kulturunean
2012/11/20 - Iruzkinak: 0
Urtero bezala Euskarazko Produktuen Katalalogoa aurkeztu dute Koldo Mitxelena Kulturunean eta, bide batez, euskarazko kultur produktuen kontsumoari buruzko ikerketa baten berri eman dute.
Asko dira euskara hizkuntza bizia eta etorkizunekoa izan dadin garatzen eta gauzatzen diren ekimenak, bai herri-erakundeen aldetik, bai gizarte erakundeetatik. Ekimen horietako askok, ezinbestean, euskararen erabilera indartzea dute helburu, nahitaezkoa gertatzen baitzaio euskarari eguneroko bizitzan espazioak eta arloak bereganatzea.
Euskarak irabazi beharreko erabilera-esparru horien arteko bat euskarazko produktuen kontsumoa dugu. Merkatuan erdarazko produktuek agintzen dute, sortzeko eta zabaltzeko bitarteko eta baliabide oso indartsuak dituztelako. Baina erdarazko produktuen eskaintza masiboaren ondoan, euskarazko produktuak ere baditugu, euskaldunon eskura.
Erdarazko eta euskarazko produktuen eskaintzan gertatzen den lehia desorekatu horri aurre egiteko, eta euskarazkoen kontsumoa eta erabilera indartzeko, euskarazko produktuen kontsumoak sustapena eta bultzada behar du, herritarrak informatu eta euskarazkoen aldeko urratsa egitera animatuko dituen ekimenak behar dira.
Euskarazko produktuen katalogoa 2012-2013
Euskarazko Produktuen katalogoa euskarazko produktuen kontsumoa eta erabilera indartzeko erreminta bat da. Katalogoa 1998. urtean argitaratu zen lehendabiziko aldiz. Nafarroako udal gutxi batzuek abiatu zuten ekimena orduan, eta 135 toki-entitate dira gaur egun parte hartzen dutenak, 200 udaletik gora guztira. Euskal Herriko lurralde eta ezaugarri oso ezberdinetako hainbat herritako udalek egin dute bat euskarazko produktuak sustatzeko egitasmo honetan: handiak nahiz txikiak; euskaldun kopuru altuko nahiz baxukoak…
Katalogoan era askotako produktuen berri ematen da. 16 urte bitarteko haur eta gazteentzako produktuak dira, eta zortzi ataletan sailkatuta daude: aldizkariak, musika, liburuak, komikiak, informatika, jostailu eta jokoak, filmak, eta gurasoentzako materiala. Era berean, hainbat produkturen erreferentzia zehatza ematen da: produktuaren izena eta irudia, egilea, adin-tartea, argitaletxea, eta gutxi gorabeherako prezioa.
Bi euskarri ezberdinetan zabaltzen da. Alde batetik paperezko edizioa dago: urtean behin argitaratu eta zabaltzen da, eta 140.000 aletik gora banatzen dira. Eta bestetik, www.katalogoa.org helbidean, Interneteko edizioa dago. Interneteko gune horretan paperezko katalogo osoa ikus daiteke, baina horretaz gain paperezkoan sartu ez diren produktu gehiago ere aurkitu daitezke, eta produktuetara edo argitaletxeetara zuzenean joateko loturak ere ematen ditu. Maiztasunez eguneratzen da, eta urtean zehar argitaratzen diren produktuak kontsultatzeko aukera ematen du.
Euskarazko Produktuen Katalogoaren inguruko ikerketa
Hamar urtetik gorako ibilbidea egin ondoren, Katalogoa egiten duten toki-entitateek egitasmoaren ebaluazio eta balorazio bat egitea erabaki zuten. Gipuzkoako Aldundiaren laguntzarekin, Aztiker enpresari eman zitzaion azterlana egiteko ardura, eta Katalogoaren inguruko inkesta bat egin da.
Inkesta telefonoz egin da Katalogoa banatzen den herrietan. Inkestatuak 476 familia izan dira, eta galdetegia, hain zuzen ere, 16 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoei egin zaie.
Inkesta Katalogoa banatzen ez den herri batean ere egin da, Eibarren hain zuzen ere. Herri horretan 127 familiari egin zaie inkesta, eta herri horretako emaitzak Arrasatekoekin alderatu dira, katalogoak euskarazko produktuen salmentan eraginik eduki ote dezakeen ikusteko. Eibar eta Arrasate hautatu dira biztanle kopuruz eta euskaldun portzentajeari dagokionean antzekoak direlako.
Aztikerrek egindako inkestatik zenbait ondorio nagusi atera litezke:
Katalogoaren ezagutza eta erabilera:
- Inkestatutako guraso guztien %41ek (hamarretik lauk) adierazi du Euskarazko Produktuen Katalogoa ezagutzen duela. Ezagutzen dutena, nagusiki, paperezkoa da.
- Katalogoa ezagutzen duten horietatik %88k adierazi du irakurri edo begiratu duela eta %72k, berriz, produkturen bat erosteko erabili duela.
- Katalogoa ezagutzen dutenen %85ak adierazi du bertako produktuak interesgarriak eta kalitatezkoak direla eta Katalogoari (paperezkoa nahiz Internetekoa) 7tik gorako puntuazioa eman diote (10en gainean).
Kontsumo-ohiturak:
- Inkestak emandako datuen arabera, inkestatuek, batez beste, azken urtean 26,4 kultur produktu erosi dituzte, eta horietatik euskarazkoak 5,9 izan dira (%22,3).
- Euskarazko produktu gehienak seme-alabentzat izan dira. Euskarazko produktuak, kalitatezkoak eta interesgarriak, biltzen dituen katalogoa eskura izateak lagundu dezake portzentaje hori igotzen.
- Euskarazko produktuak, batez ere, denda txiki eta ertainetan erosten dituztela diote gurasoek. Erdiek adierazi dute, gainera, sekula ez dutela horrelakorik erosi azalera handietan.
Famili eta inguru ez euskaldunetan aparteko garrantzia:
- Familia erdaldunetan sarrera txikiagoa du katalogoak: soilik gaztelaniaz hitz egiten den etxeen %9,9ean erosi da noizbait Katalogoko produkturik eta nagusiki gaztelaniaz hitz egiten den etxeen heren batean. Etxe horietara katalogoa ondo iritsaraztea garrantzitsua da.
- Bestalde, katalogoaren irakurle eta produktu erosleen % 50 ingurune erdaldunetan bizi dira. Guraso horientzat oso tresna erabilgarria da Katalogoa bezalako produktu bat, gaztelaniazko eta ingelesezko eskaintza erraldoia dutelako inguruan.
Katalogoa banatzeak edo ez banatzeak izan dezake eraginik salmentan?
- Bi herri alderatu dira: Arrasate eta Eibar. Azterketa xume batek eman ditzakeen ondorioak direla ahaztu gabe, eskuratu diren datuen arabera esan daiteke Katalogoaren moduko produktuak herrian zabaltzeak baduela eraginik euskarazko produktuen kontsumoan.
* Iturria: Gipuzkoa Euskara
Egitasmoak
Erantzun albiste honi
Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrez bete behar dira.