Estitxu Eizagirre: "Kazetaritza egiteko modu berriak sortzen ari dira eta Argiak hor egon nahi du"
2013/08/29 - Iruzkinak: 0
Estitxu Eizagirre (Hernani, 1979) izango da hemendik aurrera Argiako zuzendari. 20 urterekin bekadun hasi zen Pello Zubiriak zirikatuta. Ondoren, ‘Pertsonaia’ atala jarri zuen martxan Ixiar ahizparekin eta Rikardo Arregi saria ere jaso zuten egindako elkarrizketengatik. Ordutik, 12 urte egin ditu erredakzioan lanean; azken 6ak, erredaktore buru gisa. Bertsolaria ere bada. Eta egun Larraulen bizi bada ere, Hernaniko bertsolaritzari buruzko liburua kaleratzear da.
Argiako zuzendari berria izango zarela jakin genuen ekainean. Irailean zara kargu berria hartzekoa, nola doaz hilabete hauek?
Publiko ekainean egin zen, baina barruan aurretik landutako eta erabakitako kontua da, beraz, pixkanaka ari gara. Eta burua ere jarria neukan oporretatik bueltan zeregin berrian ariko nintzela. Dena dela, egia da, zuzendari izate hori oraindik ez dakidala zer den eta hobe horrela. Etortzen denari erantzungo diogu!
Xabier Letonak zuzendari kargua 12 urteren ostean utzi du proiektua eta taldea sendo dagoela, hori lagungarria izango da.
Xabierrek erreleboa ahal zuen ondoena eman du eta hori eskertzen dut. Gainera, Argiako zuzendari izandako hiruk jarraituko dute lan taldean: Xabier Letona, Pello Zubiria eta Garbiñe Ubedak, eta babes eta laguntza haundia izango dut. Horrez gain, oso talde sendoa dugu orain. Taldea osatzen dugunok urte asko daramazkigu elkarrekin. Jendea gustora dago hemen eta bertan dago hau delako nahi duena. Argiak ez du diru aldetik asko eskaintzeko, alde horretatik ez da konpetitiboa, eta jendeak hemen jarraitzen du lan leku bat delako pertsona bezala garatzeko aukera ematen duena eta askatasuna ematen diona langileari.
Eta hernaniar pila zabiltzate Argian, etxean bezala sentituko zara!
Bai. Gainera, Urko Apaolaza 2 urtetatik ezagutzen dut, eskolan elkarrekin ibiltzen ginen eta zeinek esango zuen lanean, egunerokoan, elkarrekin bukatuko genuela! Gorka Bereziartua, berriz, Argian ezagutu dut, urte diferentzia dela eta. Baina denok oso ondo eramaten gara eta askotan aritzen gara Hernaniko kontuei buruz, eta neretzat arra asetzeko beste bide bat ere bada, orain Larraulen bizi naizela eta. Bego Zuza, Mari Jose Aierza eta Aloña Soraluze ere ari dira Argian, Pello Zubiriaz gain.
Zeintzuk dira Argiaren erronkak?
Erronka nagusia, komunikabide guztietan bezala, irautea izango da. Eta horretarako dauzkagun tresnak nola joan garatzen ikusi behar dugu: internet, teknologia berriak, papera... Argia paperean argitaratzen zen astekari bat zen lehen, baina orain proiektu komunikatibo bat gara.
Esan liteke, interneta egunerokoa lantzeko dela eta papera eduki landuetarako?
Egunkaria sortu zenean, Argian ikusi zen gaurkotasunari bigarren irakurketa bat ematea zela bere funtzioa, patxadaz irakurtzeko eduki landuagoak egitea. Interneten berriz, saiatzen gara eguneroko gauzak lantzen, baina aukeraketa bat eginda. Irakurleari beste zerbait eman behar zaio. Esaterako, iritzi desberdinak biltzen ditugu, komunikabide nagusietan lekurik ez dutenak. Albiste batzuk ere ez dute jarraipenik izaten eta horri erantzuten saiatzen gara. Herri harresiarena izan zen adibide bat. Eta bertan, teknologia berrien erabilera oso baliagarria izan zen. Kazetaritza egiteko modu berriak sortzen ari dira eta Argiak hor egon nahi du.
Argia Hekimenen barruan dago. Zergatik ikusi da halako proiektuaren parte izateko beharra?
Bakoitzak bere proiektua du, baina aldi berean, denok ari gara proiektu berean lanean, euskal komunikabidean. Arazo berak dauzkagu. Eta denok bat eginda, instituzio edo gizartearen aurrean sendoagoak gara, interlokuzio lanerako eta baita gure funtzioa agerian uzteko ere. Guztiek onartzen dute euskal komunikabideen garrantzia, baina praktikan ez da hala jokatzen, ez da batere inbertitzen.
Nola ikusten dituzu euskal komunikabideak?
Aberastasuna, kalitatea eta aniztasuna dago. Esaterako, hernaniar batek aukera mordoa dauka euskaraz. Eta erdaraz bakarrik irakurtzen duenak, gauza asko galtzen ditu. Adibidez, genero ikuspegitik euskarazko mediook parekidetasuna gehiago lantzen dugu eta iritzi aniztasuna ere bai. Independentzia ekonomikoa ere gehiago dugu. Eta hori argi ikusten da, erraustegiaren gaiarekin. Zentzu horretan, nere ustez, Kronika erreferentzia da. Lortu du erdaldunek ere irakurtzea edo interesa jartzea.
Bertsolaria ere bazara, nahiz eta azken urteetan oholtza gainean ez ikusi. Hala ere, Larraulen astero elkartzen omen zarete...
Bertsoa ez dut inoiz utzi. Etxean asko kantatzen dugu eta Larraulgo soziedadean ere elkartzen gara bai, astero: Ixiar ahizpa, Maddi Etxeberria larrauldarra, Haritz Mujika asteasuarra eta laurok. Hori bai, umeek uzten digutena egiten dugu. Baina polita da, beraiek ere saltsan ibiltzen dira.
Hernaniko bertsolaritza ere ez duzu utzi guztiz. Liburu bat tartean da...
Bai eta bukatzear naiz. Orain dela 6 urte hasi nintzen eta luze joan da, baina pozik nago emaitzarekin. Hernanin bertsotan aritu diren guztiak bildu ditugu liburuan. Denak ezinezkoa da, baina dakizkigunak behintzat bai. Txabolategitik hasi eta Eli Pagolaraino. Eta liburu honen ekarpen haundienetakoa da erakustea, emakumeak hasiera hasieratik aritu direla bertsotan, nahiz eta izenak galdu. Eta aurreratuz esango dut, garai bateko emakume baten datuak eta bertsoak biltzea lortu dugula. Liburua kalean izatea espero dut urte bukaerarako ez bada, udaberrirako.
Erantzun albiste honi
Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrez bete behar dira.