Buruntzaldea euskaraz

EU | ES
Buruntzaldea euskaraz
Facebook Twitter RSS Harremanetarako

Albisteak RSS

Estibaliz Alkorta: "Enpresek legeak aitortutako eskubideak bermatu behar dituzte"

2010/06/21 - Iruzkinak: 0

Estibaliz Alkorta Barragan Lasarte-Orian jaio zen 1974an. Herriko zinegotzia izateaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskarako zuzendari nagusia da. Ingeniaritza tekniko industrialeko ikasketak egin ditu, eta enpresa bateko kalitate kudeatzailea izan da.

Zergatik bermatu beharko lituzke Gipuzkoako enpresa batek bere jardun eremuko hiztunen hizkuntza eskubideak?

 

Legeek hizkuntza eskubideak aitortzen dizkiete herritarrei orokorrean, eta kontsumitzaile eta erabiltzaile diren neurrian ere bai. Beraz, legearen ikuspegi batetik, enpresek ere eskubide horiek bermatzera derrigortuta daude.

 

Hizkuntza politika baten ikuspegitik, dudarik ez dut enpresek euskararen biziberritzeko prozesuan joka dezaketen paperaz. Euskarak aurrera egingo badu, ezinbestekoa dugu bere erabilera esparru guztietara zabaltzea, testuinguru euskaldunak sortuz: saltokiak, garraio enpresetako webguneak, telefonia enpresen kartelak eta komunikazioak, euskarazko jostailuak, aholkularitza zerbitzuak, eta abar.

 

Lana esparru garrantzizkoa da pertsona guztion bizitzan; esparru horretan ere euskaraz aritzeko baldintzak sortu behar ditugu.

 

Zein gomendio egingo zenioke Gipuzkoan kokatuta dagoen enpresa bati? Zein ekarpen egiten dio hizkuntza-kudeaketak enpresari?

 

Gomendioa baino gehiago datu objektibo bat emango nioke: Aldundiaren kasuan, egin izan diren iritzi-inkesten arabera, herritarrek lotura garbia egiten dute erakunde batek eskaintzen duen zerbitzu-kalitatearen eta hizkuntzaren artean. Hau da, herritarrak jasotzen duen zerbitzu bat, hobeki baloratzen du baldin eta zerbitzu hori euskaraz ere eskaintzen bazaio. Beraz, nire ustez argi dago kalitatearen eta hizkuntza-kudeaketaren arteko lotura.

 

Bestalde, globalizazioaren garaiotan, uste dut enpresa edo erakunde guztiek, baita gobernuek ere, beharko dituztela hizkuntzak kudeatu beren jardunean. Elebakartasunaren garaiak amaitu dira, zorionez.

 

Nola lagun diezaiekete herri-administrazioek enpresei hizkuntza kudeaketan arduratsu jokatzeko?

 

Alde batetik, uste dut lege-arau egokiak ipintzea garrantzizkoa dela, enpresek garbi jakin dezaten zein den jokoaren araua. Bestetik, iruditzen zait denbora puska batean enpresek laguntza publikoak beharko dituztela, batez ere hizkuntza kudeaketa antolatzen hutsetik hasi behar dutenean.

 

 

Bai, zalantzarik gabe. Kontratu publiko bat duen enpresa batek ingurumenaren edo gizon-emakumeen berdintasunaren alorretan gutxieneko arau batzuk bete behar dituen gisan, zentzuzko hizkuntza irizpide batzuk ere bete beharko ditu. Uste dut hori edonork ulertzen duela.

 

Zer eskatuko zenieke sindikatu eta langileei (euskal hiztuna izan zein ez)?

 

Koldo Mitxelenak esan ohi zuen bezala, hobe litzateke euskarak gugandik maitasun gutxixeago jasoko balu, eta, aldiz, errespetu gehixeago. Eta erabilera gehiago, erantsiko nuke nik: lan harremanetan ere hizkuntza kudeaketa planifikatzen ez bada, hizkuntza nagusiak oraindik nagusiago izango dira.

 

Zer lortu nahi du GFAk Errealarekin adostutako hitzarmenarekin?

 

Errealaren babesle izatea, hori da lehendabiziko xede nagusia, ez dezagun ahaztu; krisiaren eragina hor ere nabaritu da, eta oso zaila zen babesle pribatu bat aurkitzea. Beraz, garbi gelditu dadila lehen xedea ez dela hizkuntza politikarena, gure lurraldeko kirol talde garrantzitsuena babestea baizik.

 

Behin babes hori egin beharra zegoela erabaki ondoren, Aldundiak gizartean eta gazteen artean Errealak duen itzal sendoa baliatu nahi izan du, euskararen aldeko mezu argi eta soil bat plazaratzeko.

 

Aldi berean, esan beharra daukat ere, babes horren truke Errealari eskatuko diogula hizkuntz irizpide jakin batzuk ezartzea bere jardunean.

 

 

Erantzun albiste honi

Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrez bete behar dira.

© 2013 Buruntzaldeko Euskara zerbitzuak
Harremanetarako | Irisgarritasuna | Lege oharra
CSS | XHTML | WAI-A | iametza interaktiboa

Andoain Astigarraga Hernani Lasarte-Oria Urnieta Usurbil