Buruntzaldea euskaraz

EU | ES
Buruntzaldea euskaraz
Facebook Twitter RSS Harremanetarako

Albisteak RSS

Egun hauetan banatuko da Buruntzaldean Euskarazko Produktuen Katalogo berria

2016/12/07 - Iruzkinak: 0

Andoain | Astigarraga | Hernani | Lasarte-Oria | Urnieta | Usurbil

Buruntzaldeko herrietan 19. edizioko 8.500 katalogo inguru banatuko dira.

Urteko garai honetan seme-alabei edo ingurukoei euskarazko liburuak, musika edota jostailu eta jokoak erosi eta oparitzeko aukera paregabea izaten dela kontuan hartuz, Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria osatu dute, beste urte batez, Euskal Herriko 140 bat udal eta mankomunitatetako Euskara Zerbitzuk.

 

Berrikuntza nabarmenak aurten

Bai web atariak zein paperezko edizioak, biak ere berrikuntza nabarmenak estreinatu dituzte. Nobedaderik garrantzitsuena, webgunearen eraberritze sakona litzateke, diseinu berriarekin atondua, errekurtso gehiagorekin hornitua, tablet-etan ikusteko egokitua eta produktuen erreferentziak bilatzeko antolamendu berriarekin txukundua. Bi atal nagusi izango ditu www.katalogoa.eus webguneak: 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuekin osatua bata, eta 12-16 urte bitarteko gazteentzako produktuekin osatua bestea. Horietako atal bakoitzak hainbat baliabide eskaintzen ditu bi adin tarte nagusi horiei egokituak: intereseko web orrien loturak, kultura eta aisialdirako agenden loturak, eta Facebook eta Twitter sare sozialen bitartez jarraipena egiteko aukera. Halaber, aldi oro argitaratzen diren nobedadeen erreferentziak jasotzen dituen buletin elektronikora harpidetzeko aukera eskaintzen du eta baita paperezko bertsioaren PDFa deskargatzeko manera ere.

Milaka produkturen azalpenak, horien prezioak eta erosi nahi izanez gero, argitaletxeen denda birtualetara sartzeko aukera

www.katalogoa.eus urte osoan berritzen doan webgunea da. Dagoeneko 6.000 produktu baino gehiago biltzen ditu 2 atal nagusien artean.

Produktu bakoitzaren fitxan, hari buruzko daturik garrantzitsuenak ikusiko ditu erabiltzaileak eta, bakarren bat begiz joz gero, argitaletxearen denda birtualera sartzeko manera izango du ‘non eskuratu’ botoian klikatuta. Azken finean, horixe baita webgunearen helburua: merkatuan aurki daitezkeen euskarazko produktuak erabiltzaileen eskura modu erraz batean jartzea.

Paperezko edizioak 125.000 ale

Egunotan banatuko dira paperezko edizioaren 125.000 aleak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan. Paperezkoan ere antzeman daitezke gorago aipatu diren berrikuntzak. Lehen aldiz bi azal izango ditu paperean editatzen den katalogoak: batean 12-16 urte bitarteko gazteentzat eskaintzen diren produktuak, eta bestean 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuak eta gurasoentzako materialak. Horrela, produktuen bilaketa nabarmen errazteaz gain, nortasun propioa ematen zaio adin tarte bakoitzari. Jakina, paperezko edizioak ez ditu jasotzen webgunean jasota dauden 2016ko produktu guzti-guztiak, atalka antolatutako hautaketa bat baizik: musika, DVD-filmak, aldizkariak, komikiak, liburuak, jostailu eta jokoak eta gurasoentzako materiala.

 

Erantzun albiste honi

Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrez bete behar dira.

© 2013 Buruntzaldeko Euskara zerbitzuak
Harremanetarako | Irisgarritasuna | Lege oharra
CSS | XHTML | WAI-A | iametza interaktiboa

Andoain Astigarraga Hernani Lasarte-Oria Urnieta Usurbil