Buruntzaldea euskaraz

EU | ES
Buruntzaldea euskaraz
Facebook Twitter RSS Harremanetarako

Programas

Nuevas madres y padres

Familia bidezko hizkuntza transmisioa. Euskararen transmisioa

26/04/2011 - Comentarios: 0

Etxeko joerak umeentzat eredu izaten dira, hau da, etxean jaso, ikusi, sentitu eta entzuten dutena barneratzen dute; hizkuntza bezala. Horren garrantziaren jakitun, Alex Ramos eta Itsaso Irazusta lasartearrek eta Amaia Arregi eta Jon Iraola hernaniarrek gazteleraz hitz egiteko zuten ohitura aldatu, eta euskaraz bizitzea erabaki dute.

Alex Ramos eta Itsaso Irazusta: "Alabak lagundu dit nire hizkuntza berreskuratzen"

ALEXEK eta Itsasok bi alaba dituzte: Alazne, 7 urtekoa, eta Araitz, 3 urtekoa. Itsaso berez euskalduna da, guraso euskaldunak ditu, baina lagun erdaldunak egin zituen eskolan eta euskara erabiltzeko ohiturarik ez du izan urtetan. Alexek, berriz, Eskola Publikoan bakarrik jaso izan zuen euskara, astean bi orduz, frantsesa edo ingelesa bezala. Bikote arteko hizkuntza gaztelera izan da beti, baina egoera aldatu egin zen Alazne jaiotzearekin. Alex euskara ikasten hasi zen eta Itsaso, berreskuratzen.

«Ni Alaznegatik, alabagatik hasi nintzen. Orain dela 6-7 urte AEKn hasi nintzen eta pixkanaka- pixkanaka euskal giroan sartu naiz», dio Alexek. Itsasok, berriz, hala gogoratzen du: «Nik pentsatzen nuen: ni euskalduna naiz eta nik euskara nahi diot erakutsi nire alabari, baina galtzen ari naiz. Eta nire kasuan, nire bikoteak ere ikusten zuen gure hizkuntza dela eta bera euskaltegian sartuta, euskal giro horretan sartzen hasi ginen. Niri alabak lagundu dit nire hizkuntza berreskuratzen».

«Etxean euskal giro hori ikusi behar dute umeek»

Seme-alabek euskaraz ikasteko eta hitz egiteko garrantzitsua dela uste dute gurasoek ere erabiltzea. «Etxean euskal giro hori ikusi behar dute. Zaharrena orain hasi da erdaraz gehiago hitz egiten eta euskaraz egiteko esaten diot. Orduan, berak guri erdaraz entzuten digunean segituan esaten digu. Eta arrazoia dauka. Nik esaten badiot euskaraz egin behar duela guk ere egin behar dugu», azaldu du Itsasok.

Kalean edo helduekin aritzea haurrekin aritzea baino gehiago kostatzen zaiola ere aitortu du Alexek: «Haurrekin lotsa gutxiago ema ten du hanka sartzeak». Eta umeak berak euskaraz ikasten laguntzen duen galdetuta, beraien kasuan baietz dio Lasarteko bikoteak: «Alaznek bai, zuzentzen nau: Aitatxo hau ez da horrela esaten. Horrela eta horrela esaten da», azaldu du Alexek. «Adinaren araberakoa da. Orain ulertzen du baita ere aita euskaraz ikasten ari dela eta lagundu egin behar diogula eta bera ere saiatzen da laguntzen. Eta nik uste dut hemendik aurrera gehiago lagunduko duela, bai berari eta baita niri ere», gaineratu du Itsasok.

«Euskara ikasteko, erabili egin behar da eguneroko bizimoduan»

Lasarte bezalako herri batean, giro euskalduna bilatzeko arazorik ez dagoela diote biek, norberak nahi izatea dela kontua. Hala azaldu du Alexek: «Zuk nahi baldin baduzu, badago aukera. Eskolako ekintza ezberdinen bidez, Solaskideren bidez… Aukera ezberdinak dituzu euskaraz aritzeko. Ez bakarrik euskaltegiak. Izan ere, jende asko joaten da bi orduz egunero euskaltegira eta gero handik aurrera akabo euskara. Eta niretzat horrek ez du balio ikasteko. Euskara erabili egin behar da eguneroko bizimoduan». «Eta norberak ere bilatu egin behar du jende euskalduna. Norbera mugitu behar da», dio Itsasok.

Euskara ikasi eta ohitura aldatzea erraza ez den arren, beraien kasuan egon daitezkeen gurasoak euskararen aldeko pausua ematera animatzen dituzte, ahaztu gabe norberaren inplikazioa dela gakoa.

 

Amaia Arregi eta Jon Iraola: "Seme-alabei euskara eman nahi genien, guk jaso genuen bazala"

AMAIAK eta Jonek 12 urteko alaba, Arrate, eta 9 urteko semea, Jokin, dituzte. Amaia eta Jon familia euskaldunekoak dira eta beti hitz egin izan dute euskaraz etxean. Gaztetan, ordea, Institutu garaiko urtetan, hain zuzen, gazteleraz aritzen ziren etxetik kanpo, koadrilan, lagun artean eta baita beraien bien artean ere. «Inkoszienteki» egindako zerbait izan zela diote, «makarra garai bat». «Ohitura zegoen kalean gazteleraz egitekoa nahiz eta gehienok euskaraz jakin. Hernanin oso giro erdalduna izan da urte askotan». Ohitura aldatu egin zuten, batez ere, seme-alabak izandakoan. «Elkarrekin bizitzen jarri ginenean, ez dakit, agian norberaren etxea delako edo, euskara zaintzen hasi ginen. Eta seme-alabekin oraindik gehiago. Argi genuen seme-alabei euskara transmititu nahi geniela, gure hizkuntza, guk jaso genuen bezala».

«Euskara erabiltzeak duen garrantziaz jabetu eta esfortzu txiki bat egitea besterik ez da»

Horrez gain, beraien inguruko jendearen artean aldaketa izan dela diote: «Lehen gehiago genuen erdaraz aritzeko ohitura. Harremanak ere zabaldu egiten dira umeen inguruan eta sortzen diren harreman horiek gehiago dira euskal girokoak. Etapa bat izan da umeak eduki aurrekoa. Umeak edukitze horrek aldatu egin zuen ohitura hori, gure inguruan. Eta guk bizitakoa, askok bizi izan dute. Momentu bat iristen da konturatzen zarena zer garrantzia duen euskara erabiltzeak eta seme-alabekin gehiago, euskara bultzatu nahi badugu behintzat. Seme-alabei transmititzea iruditzen zaigu ezinbestekoa. Beraiek etxean jasotzen dutena barneratzen dute».

Eta alde horretatik koherentziaz jokatu behar dela diote: «Ez da seme-alabei euskaraz egitea bakarrik. Gainerakoekin ere euskaraz hitz egitea da kontua, umeek hori sumatu egiten baitute: Nire gurasoek beraien lagunekin erdaraz egiten dute. Nire amak bere amarekin erdaraz… eta gero guri etxean euskaraz hitz egiteko esaten digu. Koherentzi pixka bat behar da. Egia da gazteleraz egiteko ohiturak oraindik hor jarraitzen duela eta zaila dela ohitura horiek aldatzea, baina euskara erabiltzeak duen garrantziaz jabetu, kontzientzia hori hartu eta esfortzu txiki bat egitea besterik ez da».

Dena dela, oso baikorrak direla azpimarratu dute: «Urte batzuetatik hona ikusi dugu Hernanin euskara gehiago entzuten dela eta maila igo egin dela. Orain dela 20 bat urte ez zen euskaraz hainbeste hitz egiten kalean, koadrilen artean, lagunen artean… Eta guk momentu honetan ez dugu ezagutzen inor, euskaraz dakienik eta bere seme-alabari transmititzen ez dionik».

 

Datuak:

Azken urteotan, gero eta gehiago dira etxean haurrei euskara irakasten dieten familiak. Baina, Eusko Jaurlaritzak egin berri duen inkestan jasotzen denez, EAEko biztanleen erabilera, jarrera eta politikak aztertzen ditu inkesta honek, elebidunak diren biztanleen ar tean %17 dira euskaraz errazago hitz egiten dutenak, eta %61 dira gaztelaniaz erosoago aritzen direnak. Beren artean nagusiki euskaraz ari diren gurasoak ere %16 dira. Etxeko hizkuntzak (helduen artekoak) erabakitzen du, neurri handi batean seme-alaben erraztasuna eta, ondorioz, erabilera.

 

Joseba Sarrionandia - Idazlea

«Euskarak ez du oraindik bizileku habitable bat, dena egiteko dugu. Euskararen paradoxarik larriena da, euskara euskaldun guztien patrimonioa dela, baina, aldi berean, gutxi batzuen hizkuntza. Ahalegindu behar dugu euskarak izan dezan lekua, izan dadin zernahitarako era bilgarria».

 

Iñaki Larrañaga - Soziologoa

«Kezkagarria da, jatorriz euskaldun izan eta euskaraz egiteko gaitasuna duen hainbat jendek erdaraz aritzeko duen joera tamalgarria. Hor nire ustez gaitz gaizto bat dugu. Oraingo egoera beste diglosia mota bat da. Nik neure familian bizi dut egoera hori. Gure ondorengo belaunaldikoek, nahiz senar emazte edo guraso gazte, nahiz ezkongabeak, guztiak euskaldunak izan arren barra barra erdaraz hitz egiten dute. Gurekin eta haurrekin hitz egiteko erabiltzen dute euskara. Eta gehienak ikastolatik pasa takoak dira... Zer gertatzen da hor?».

Fuente: Buruntzaldeko komunikabideak

Programas

 

Comenta esta noticia

Rellenar los siguientes campos. Los que tienen "*" son obligatorios.

© 2013 Buruntzaldeko Euskara zerbitzuak
Contacto | Accesibilidad | Aviso legal
CSS | XHTML | WAI-A | iametza interaktiboa

Andoain Astigarraga Hernani Lasarte-Oria Urnieta Usurbil