Buruntzaldea euskaraz

EU | ES
Buruntzaldea euskaraz
Facebook Twitter RSS Harremanetarako

Programas

Nuevas madres y padres

Adimen emozionala eta euskara uztartzen

04/05/2009 - Comentarios: 0

Adimen emozionala eta euskara gaitzat izan dituen tailerra burutu berri da Aita Larramendi Ikastolan. Hogeita bat gurasok hartu du parte, Iñaki Pikabea psikologoak hiru saiotan bideratu duen ikastaro txikia.

Adimen emozionala eta euskara gaitzat izan dituen tailerra burutu berri da Aita Larramendi Ikastolan. Hogeita bat gurasok hartu du parte, Iñaki Pikabea psikologoak hiru saiotan bideratu duen ikastaro txikia.

 

Berritzailea izan dela esan da euskara eta adimen emozionala biak uztartzen dituen tailer hau…

Buruntzaldeko familia bidezko egitasmoak eman duen eramangarrietako bat HABEko Xabier Elortza eta Alex Mungiak sortu zuten gurasoentzako liburuska da (Gurasoentzako liburuska. Etxean zer ikusi, hura ikasi. Zeuk duzu giltza. Donostia, HABE, 2006). Bertan, gonbitea egiten zaie aita-amei guraso izatearen inguruan nahiz etxeko euskara-erabilera handitzearen aukeraz gogoeta egin dezaten. Horrekin batera, hainbat tresna eraginkor eskaini nahi dituzte nork bere bidea aberats dezan, bai pertsona mailan, bai guraso moduan egokiago jarduteko, bai eta euskaldun gisa zer gehiago egin dezakeen hausnartu eta praktikara eramaten laguntzeko. Lan honetan, berebiziko garrantzia dute emoziozko adimenek, autokontrolak edo emozio negatiboen birziklapenak. Gogoetarako bide izan nahi du, egoera horietako jokabideaz, bai egoera horietan izaten dugun hizkuntza-jarreraz hausnartzea (bikotekideen artean, seme-alabekin, etab.). Aita Larramendi ikastolan burutu ahal izan da esperientzia hau, bertako teknikarien interes eta laguntza aparta dela medio, baita Udaletako euskara teknikarien lanari esker ere. Alde horretatik, planteamendu berritzailea da eta prozesu baten hastapenetan gaude.

 

Kontaiguzu zein eduki izan dituen tailerrak…

Tailerrak bi atal izan ditu: %30ean teorikoa izan da eta %70ean praktikoa. Teoriari dagokionez, hizkuntzei eta euskarari buruzko zenbait datu eskaini da, eta transmisiorako irizpide nagusien oinarriak azaldu dira. Era berean, adimen emozionalaren oinarrizko ideiak eta ekarpenak azaldu dira: emozio motak, emozioen funtzioak, emozioak eta garapen ebolutiboa, emozioen erabilera euskara transmititzeko… Txosten osagarri bat ere eman zaie, teoriari buruzko funtsezko ideiak biltzen dituena. Euskaraz gazteleraz adina material ez egon arren, pozgarria da azpimarratzea gaur egun badela oso material interesgarria hainbat adituk euskara txukunean argitaratua. Praktikari dagokionez, taldeko kideen artean azaleratzeko eta hausnar egiteko, ariketa sinpleak burutu ditugu: emozioen inguruko kezkak, arazoak eta zalantzak… Sortutakoez emandako iritzi eta balorazioak taldekide guztien ekarpenak izan dira. Alegia, elkarri iritziak azalduz, elkarrengandik ikasi dugu. Tarteka, egoera jakin bati buruz adituek diotena txertatzen ahalegindu gara.

 

Tailerrera bildu direnak zein modutan hartu dute parte?

Horrelako tailerretan parte hartzeak konpromiso pertsonal serioa eskatzen du: norberaren emozioen berri ematea, nork bere arazoak azaltzea, guraso gisa arrakastak eta huts egiteak partekatzea, ariketetan parte hartzea, hurrengo saioetarako lantxoak burutzea… Polita da baina, gogorra ere bai. Nor bere bizitza pribatuko atal batez aritzea ez da sarritan goxoa izaten. Noski, errespetu giroa eta diskrezioa ezinbestekoa da. Ariketek ez dute inolako zailtasun teknikorik, emozioez hausnar egiteko aitzakia huts dira. Zailtasuna norbera inplikatzea da. Alegia, ez da entzule hutsentzako hitzaldi sorta. Argitu beharra dago zenbait lantxo, oso atseginak izan daitezkeela: seme-alabei ipuin jakin batzuk kontarazi eta horretaz berriketan aritu… Alegia, “alfabetatze emozionala” interesgarria izateaz gain, atsegina ere izan daitekeela ezin da ahaztu.

 

Gustura geratu zara parte hartzaileen jarrerarekin eta azken emaitzarekin?

Zalantzarik gabe, bai. Parte hartzaileek berebiziko interesa agertu dute. Alegia, jarrera aktiboa ezinbestekoa da eta, hala ere, erantzuna ezin hobea izan da. Zoriondu beharra dago guraso eta antolatzaileen aldetik azaldutako jarrera. Hala ere, etsai nagusi bat izan dugu: denbora eskasia. Labur geratu da tailerra eta lanketa asko txertatu ezinean aritu gara. Gainera, guraso talde honek aukera apartak eskaini ditu lanketa modu sakonagoan aritzeko, saio gehiago izan balira. Tailerra motz geratzeak, hala ere, irakurketa positiboa ere badu: interesa egon badagoela gaiari eusteko eta sakontzeko. Irakaslearen kezka nagusietako bat, denbora mugak medio, zenbaitetan parte hartzaileen esku-hartzea etetea izan da, eta hori arazo bada, zorionekoa!!!

 

ZER IRUDITU ZAIZU TAILERRA?

 

Gema Garcia: Oso interesgarria zirudien tailerrak izenburua ikusita, eta egia esan, oso aberasgarria izan da. Gidariak aipatzeko moduko lana egin du. Etxean haurrekin lantzeko oso irizpide praktikoak jaso ditugu; ipuin bat kontatzeko teknika ezberdinak zeintzuk diren, adibidez. Iraupen laburra izan du tailerrak ziurrenik; ezin izan da material guztia jorratu, eta hori emozioen arloa euskararekin lotzearen kaltetan izan den irudipena daukat.

 

Amaia Beraza: Emozioei buruzko tailerren bat ezagutzen dut lehendik ere, eta beraz ez zait oso berria egin. Arreta eman dit aurreko tailerrean nola esaten zen edozein emozio ona zela eta bideratzen jakin egin behar zela; oraingoan, berriz, emozioak kontrolatzen ikasi egin behar dela entzun dugu. Bestalde, oraingoan asko harritu nau ipuinen bidezko entzunketa emozionalak; emozioak ipuinen bidez nola kanpora litezkeen, alegia.

 

Mari Jose Mujika: Gidariaren proposamenei esker dinamika polita sortu da taldean; partaideek iritziak modu aktibo eta lasaian bota ahal izan ditugu, eta hori eskertzekoa da. Denbora faltagatik-edo, agian ez da gehiegi sakondu haurrek gaztelerara jotzen duten egoeratan eduki beharreko irizpideen inguruan. Bestalde, pena pixka bat eman dit ia guztiok guraso elebidunak izatea; bietako bat elebakarra duen bikoteentzat ezin egokiagoa izan baita tailer hau.

 

* Fuente: Aiurri.com

Programas

 

Comenta esta noticia

Rellenar los siguientes campos. Los que tienen "*" son obligatorios.

© 2013 Buruntzaldeko Euskara zerbitzuak
Contacto | Accesibilidad | Aviso legal
CSS | XHTML | WAI-A | iametza interaktiboa

Andoain Astigarraga Hernani Lasarte-Oria Urnieta Usurbil