Buruntzaldea euskaraz

EU | ES
Buruntzaldea euskaraz
Facebook Twitter RSS Harremanetarako

Programas

Empresas

Lan munduan hizkuntzek duten garrantziaz jabetu nahian

06/07/2011 - Comentarios: 0

Motibazio saioak eman dituzte Buruntzaldeko 6 ikastetxetan Ahize-AEK Hizkuntza Aholkularitzako hizlariek 2010-2011 ikasturtean.

Asko dira hizkuntzen inguruan ere barneratuta ditugun hainbat uste. Tartean euskararekikoak ere hor ditugu; euskara hizkuntza txikia dela, ahula, erabiltzaile gutxi dituena… Noren ondoan jartzen dugunaren arabera uste horiek denak erlatibizatu daitezke, ordea. Euskarak eskubidea duela zenbatetan ez ote dugun entzun? Edota estatu bat berdin (=) hizkuntza bat zela ez al ziguten irakatsi eskolan? Bada, horiei guztiei buelta eman nahian motibazio saioak eman dituzte Buruntzaldeko 6 ikastetxetan Ahize-AEK Hizkuntza Aholkularitzako hizlariek 2010-2011 ikasturtean.
 

Buruntzaldeko Lanbide Heziketako ikasle batzuk laster arituko dira langile enpresetan. Eta, epe batean, ikasle horietako batzuk ardurak hartzera ere helduko dira, edota enpresa berriak sortzera, beste langile batzuenganako erantzukizuna izatera. Ikasle horietako gehienak euskaldun ateratzen dira euskal eskolatik; askok jaso dute, gainera, lanbide heziketako prestakuntza ere euskaraz, baina, lehen ez bezala egun, lan munduak ez du, orokorrean, euskaraz egiten, gaztelaniaz hitz egitera ohitu da. Bi errealitate horien arteko hausturak konponbidea eskatzen du, gure gizartea gero eta elebidunagoa delako, eta gazteen artean gutxi direlako euskaraz ez dakitenak. Aspaldi hasitako prozesua da gizartean euskararen erabilera normalizatzearena, eta ezinbestekoa da bidea jorratzen jarraitzea, orain arteko lanari urratsak gehitzeko bitartekoak jartzea, alegia.
 

Lan munduan hizkuntzen ezagutza, erabilera eta kudeaketa are eta garrantzi handiagoa hartzen ari direla azaltzea ere izan da hitzaldi hauen helburua. Ia 200 ikasle izan dira ikasturtean zehar formazio saioa jaso dutenak eta betetako galdetegien baitan, hitzaldia jaso dutenen % 85ak uste du hizkuntza kudeaketa baliagarria zaiola enpresari. Gainera, gehienek ere uste dute enpresetako arduradunek ere euskara jakin beharko luketela. Hein handi batean, beraz, esan liteke motibazio saioak kontzientzia piztarazi dutela ikasle hauen artean. Inguruko zenbait enpresatan ari dira egun praktiketan eta benetako errealitatearekin egingo dute topo. Ikasbideak ikasbide, hortxe jasotakoak azaleratzeko momentua!
 

Zenbait enpresa, ordea, aspaldi konturatuta dago jada hizkuntzen kudeaketak zein garrantzia duen inguruan. Langileen arteko harremanak, kanpokoak, merkatua, hornitzaileak, bezeroak… balio erantsia ematen dio hizkuntzak eta horretaz jabetuta gero eta enpresa gehiago dira hizkuntzak egoki kudeatzeari behar adina garrantzita e,aten hasi zaienak. Adibide moduan hortxe ditugu mundu mailan ezagunak diren Google, Microsoft, New Yorkeko metroa, TomTom, edota Buruntzaldeko Fagor Automation - Berriola S. Coop., Selak, Fagor V. Luzuriaga Usurbil, Mondragon Sistemas de Información, Latz, Tximela, Hator Aholkularitza, Orona, TSST, Deman, AMR Refractarios, eta hainbat finantza erakunde.
 

Buruntzaldeako udalek lan munduan euskararen erabilera sustatzeko zehaztuta dituzten lanen artean, motibazio saio horiekin lotura zuzena duen beste bat ere bada. Artikulu honetan aipamena besterik ez diogu egingo. Hain zuzen ere, inguruko enpresetara praktikak egitera joango direnak motibatzea helburu zutela hitzaldiek aipatu dugu. Baina zer egin praktiketako ikasleak jasoko dituzten enpresak motibatzeko? Uztarturik joan beharko lukete sokaren bi muturrek, ezta? Hortaz jabetuta eta Lanbide Heziketako ikastetxeen laguntzarekin, ikasleak praktiketan jasoko dituzten enpresak identifikatu eta kontzientziazio lan bat ere proposatu da hauekiko. Diagnostiko fasean dabiltza udaletako aholkulariak eta aipatu begi honez ikusi dutela orain arte enpresek ekimen hau. Izango dugu aurreragoko albiste batean honen berri zabalagoa.
 

Amaitzeko, ordubeteko saioa entzun eta gero, lehiaketa ere proposatu zen hitzaldia entzun zuten ia 200 ikasle horien artean. 6 izan dira ikasturte honetan egitasmoan parte hartu duten ikastetxeak (Andoaingo La Salle Berrozpe, Escivi eta Leitzaran, Hernaniko BHI eta La Inmaculada eta Usurbilgo BHI) eta bakoitzeko sari bana izan da jokoan. 5 gezur ziren asmatu beharrekoak eta esan fin-fin erantzun ondoren hauek izan direla Korrika 17 kamiseta bana eta kultur ekitaldi baterako bina sarrera jasoko dituztenak: Iurre Marrahi (Leitzaran), Hodei Elizalde (Usurbil), Manu Agirre (La Salle Berrozpe), Naiara Olaya (Escivi) eta Jon Garmendia (Hernani). Jarraian ikasleek hitzaldian ipinitako arreta erakusten duen argazki bat.

Programas

 

Comenta esta noticia

Rellenar los siguientes campos. Los que tienen "*" son obligatorios.

© 2013 Buruntzaldeko Euskara zerbitzuak
Contacto | Accesibilidad | Aviso legal
CSS | XHTML | WAI-A | iametza interaktiboa

Andoain Astigarraga Hernani Lasarte-Oria Urnieta Usurbil