Programas
Empresas
Hernaniko Udalak euskaraz egin nahi du lan
08/11/2011 - Comentarios: 0
Irailaren 27an, Hernaniko Udaleko EAJko, H1!eko eta PSE-EEko zinegotziek plenotik alde egin zuten, Bilduk dokumentazioa gaztelaniaz ez ziela helarazi salatuz.
Zer gertatu da Hernaniko Udalean? Zer dela-eta utzi zuten plenoa oposizioko zinegotziek? Bilduk beharrezko informaziorik gabe utzi al ditu oposiziokoak? Luis Intxauspe Hernaniko (Gipuzkoa) alkatea da, Bildukoa, eta hitz gutxitan eman digu bere irudipena: “Zinegotzi horiek lehen ere lan horretan arituak dira, Bilduko bederatzi zinegotziak berriak gara. Nik uste neurria hartu nahi zigutela eta hizkuntza kudeaketaren gaia muturreraino eraman dute. Plenotik alde egingo zutela mehatxatuta amore emango genuela pentsatuko zuten, baina guk ez genuen atzera egin”.
Euskaraz sortu, ez alderantziz
Baina utzi ditzagun alde batera alderdi politikoen arteko tirabirak eta heldu diezaiogun mamiari. Hernaniko Udalak nola kudeatzen ditu hizkuntzak?
Egin dezagun atzera, 2010eko martxoaren 25era. Egun hartan, udaleko alderdi politikoek (ANV, EAJ eta H1!) hainbat hizkuntza irizpide biltzen zituen dokumentua onartu zuten. PP eta PSE-EE abstenitu egin ziren. Dokumentu hartan jasotzen da ahoz eta idatziz euskaraz funtzionatuko dela, ez dela sistematikoki itzuliko, baina komunikazioa ziurtatuko dela beti hitzez hitzeko itzulpena ez den beste bitarteko batzuk erabiliz –ahozko laburpena eta laburpen idatziak adibidez–. Alabaina, gauza bat da irizpideak onartzea eta bestea egunerokoan aplikatzea. Bilduk 2010ean onartutakoa gauzatzeari ekin dio Udalean sartu eta lehenengo batzordea sortu zenetik. Ea etsenplu bidez praktika hori zer den azaltzen asmatzen dugun. Eman dezagun Hernaniko Udalean hirigintza batzordea bildu dela, han direla arkitektoa, idazkaria eta zinegotziak. Bilera euskaraz egingo da. Norbaitek ulertzen ez badu esan egin beharko du eta arkitektoak edo Bilduko kideren batek itzuliko dio. EAJ, H1! eta PSE-EEko lau politikarik baino ez dituzte arazoak euskararekin eta ulertzeko nahiko ondo moldatzen dira. Hori ahozkoari dagokionez. Idatzizkoari dagokionez, jo dezagun hirigintza alorreko batzordea biltzeko deialdia egin dela. Bada 2010eko martxoan adostutakoaren arabera, deialdia euskara hutsean zabalduko da (lehen ele bitan egiten zen). Deialdian eguna, ordua, tokia eta gai zerrenda agertzen da. Ahozkoan bezala, norbaitek ulertzeko arazoak izango balitu laguntza eskatu beharko luke eta ahoz azalduko litzaioke. Bilera egin dute eta hirigintzako idazkariak akta egin behar du. Dagoeneko ari ziren idazkari lanak egiten dituzten langile batzuk euskaraz egiten akta, baina hemendik aurrera, beti, euskaraz egingo dute. Euskaraz akta ulertu ez duen agintariak itzultzeko eskaera egin beharko dio alkateari. Alkateak egitea hobesten badu, Udaleko itzultzaileak gaztelaniazko bertsioa egingo du eta alkatearen eskuetan geratuko da testua. Hark emango dio behar duenari. Jo dezagun batzorde horretan arkitektoak zazpi txosten ibili dituela esku artean, bost gaztelaniaz eta bi euskaraz. Bada, bere horretan jasoko dira aktan. Dena dela, ahalik eta epe motzenean txostenak gaztelaniaz egiteko ohitura baztertu nahi da. Hernaniko Udaleko langile guztiek dakite euskaraz eta ia denek lortu dute dagokien hizkuntza eskakizuna edo perfila. Hala ere, ohituraz, teknikari batzuek txostenak gaztelaniaz egiten dituzte maiz. Asmoa txosten guztiak euskaraz egitea da eta bukaeran gaztelaniazko laburpentxoa, behar izanez gero.
Herritarrak Udalari eskaera gaztelaniaz egiten badio, udal barneko tramitazio guztia euskaraz egingo da eta herritarrari erantzuna bi hizkuntzetan bidaliko zaio. Euskaraz eskaera egiten duenari erantzuna euskaraz emango zaio, eta noski, Udalak jarrera hori bultzatu nahi du. Intxauspe atzera begira jarri da: “Hogei urtez dirua eta denbora inbertitu ditugu udal langileak euskalduntzeko, orain egiten hasi garena egiteko. Beraz, egin dezagun!”.
Sistematikoki ez da itzuliko
Bilera deialdiak, batzordetako aktak, teknikariek egindako txostenak... Udaleko langileek egiten dituzten dokumentu guztiak sarean daude eta Udal barneko edozeinek sarbidea du. Orain arte dokumentu horiek ele bietan, gaztelaniaz edo euskaraz (gutxi batzuk) zeuden. Bada, hemendik aurrera gune hori euskara hutsean egotea da helburua. Idazkariek, teknikariek... euskaraz sortuko dute eta hori zintzilikatuko da sarean. Ulertzen ez duenak eskatu egin beharko du eta hari baino ez zaio helaraziko gaztelaniazko bertsioa. Zergatik halako egituraketa? Luis Intxauspe euskalgintzan urte luzez aritutakoa da eta badaki zer dakarren ele bitan lan egiteak. Euskarazko testua ezkerreko zutabean eta gaztelaniazkoa eskuinekoan duen txostena erakutsi digu: “Niri langilea etortzen zait euskaraz hitz eginez, eskuan txosten hau duela, eta hasten da: ‘Horrela izango da zeren hemen jartzen du: ‘La aplicación del reglamento...’. Gaztelaniazkoarekin ari da lanean. Ele bitan funtzionatzeak, neurri handi batean, gaztelaniaz funtzionatzea esan nahi du, Udalean, eta bestelako esparruetan ere bai”. Hernaniko Udalak hizkuntza helburuak argi ditu abiarazitako prozesuarekin: oraingo hizkuntza ohiturak aldatzea eta Udalak euskaraz lan egitea. Bide horri esker, dokumentazio guztia sistematikoki bi hizkuntzetan egitea saihestuko da, hizkuntza bakarrean egingo da lan (gaztelaniaz ere bai oraindik), eta era berean, ohiko joera baztertuko da, alegia, itzultzailea etengabe gaztelaniaz sortutakoa euskaratzen aritzea. Luis Intxauspe alkateak garbi utzi nahi izan du arazoa norena den: “Udalak hizkuntzekin daukan arazoa aipatu dute oposizioko alderdiek, baina hemen hizkuntzarekin arazoa oposizioko zinegotzi horiek dute”.
Oposizioa ados dago orain
Lehen esan dugu nola Bilduk Udalean sartu eta lehenengo batzordean adierazi zuen 2010eko hizkuntza irizpideak betetzen hasiko zela. Bada oposizioak txosten juridikoa eskatu zuen, irizpide horiek legalak ziren ala ez jakiteko. Duela gutxi jaso dute erantzuna, irizpide horiek ez dira ilegalak. Urriaren 6an alderdi bakoitzeko buruak elkartu ziren txosten juridikoa esku artean zutela. Alderdi denek adostu zuten Bilduk proposatutakoa indarrean jartzea. Hori bai, dagoeneko oposizioko hiru alderdiek, PSE-EEk, EAJk eta H1!ek, akta guztiak gaztelaniaz bidaltzeko eskatu dute. Erantzuna aztergai du Gobernu Taldeak.
Egilea: Onintza Irureta
Iturria: Argia (2295. alea, 2011-10-23)
Programas
Comenta esta noticia
Rellenar los siguientes campos. Los que tienen "*" son obligatorios.