Lasarte-Oria
Lasarte-Oriako Euskal Jaia ate-joka
13/10/2014 - Comentarios: 0
Urriaren 18an, larunbatez egingo da Lasarte-Oriako euskal jaialdia
Iazko esperientzia polita errepikatu asmoz, aurtengoan ere Ttakun Kultur Elkarteak, Udalak eta herriko elkarteek elkarlanean prestatu dute Euskal Jaia. Lanketa handi baten ostean, datorren astetik aurrera ekintza sorta zabala plazaratuko dute. Euskal Jaiaren egun handia urriaren 18a izango bada ere, lehenago bada hitzordurik.
Euskal Jaia datorren larunbatean izango da, hilaren 18an, baina aurretik badute egunarekin lotutako hitzordurik herritarrek. Azken xehetasunak lotzeko gaur bildu dira Ttakuneko, Udaleko eta elkarteetako kideak Manuel Lekuona kultur-etxean.
Euskal Jaiaren aurretik...
Datorren astelehen arratsaldetik larunbat goizera bitartean, Manuel Lekuonako erakusketa aretoan, "Euskara, ospeletik eguterara" esposizioa prestatu dute. Astelehenean 18:00etatik 21:00etara egongo da irekita. Asteartetik ostiralera goiz eta arratsaldez (10:00-13:00 eta 18:00-21:00), eta goizez larunbatean (10:00-13:00).
Urriaren 15ean, asteazkenean, "Euskararen kate hautsia" dokumentalaren emanaldia eta tertulia izango dira David Anaut eta hainbat herritarrekin batera: Juanita Kastresanak, Miren Zubeldiak, Itziar Camarero Nuñezek eta Imanol Lizardik eskainiko dituzte euren testigantzak. Kultur-etxean egingo dituzte proiekzioa eta mahai-ingurua, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.
Euskal Jai Egunaren bezperan, ostiralean "Psikiatriko bateko ametsak" antzezlan amateurra eskainiko du Zurriola Antzerki Eskolak kultur etxean 22:00etatik aurrera.
Larunbatean Euskal Jaia
Euskal Jaiaren egun handia ordea datorren larunbata izango da, hilaren 18a. Goizean goizetik hasita ibilbide gidatua egingo da herrian barrena. Miren Egizabal arituko da gidari lanetan, Oinatz taldekoek egingo dituzte prestaketa lanak eta testigantzak ATC saskibaloi taldeko emakumeek eskainiko dituzte.
Txalapartariak, bertsolariak, kantu eta dantza jira adin guztietako pertsonentzat izango dira Okendon bazkaria egin aurretik. Bazkalostean Ostadarrek eta Intzak antolatutako kirol-ekintzak burutuko dira eta arratsaldeko 17:30etan izango da eguneko zita garrantzitsua. Joseba Ostolaza eta Jokin Eizmendi goi-mailako harri-jasotzaileak 138 kiloko Okerra harria berdintzen saiatuko dira plazan.
Horren ostean erromeria Ezten Giro taldearen eskutik eta egunari amaiera emateko pintxo-potea herriko taberna askotan. Gautxorientzat, gazteek antolatutako karaokea eta gau-musikatua izango dira 22:00etan hasita.
Azkenik, bi ohartxo zabaldu nahi ditu antolakuntzak: "larunbateko bazkarirako txartelak (paella-jana) salgai daude jadanik 6 eurotan Ttakunen edota Jalgin eta aurtengo kartelaren egilea Arantxi Zulaika dela nabarmendu nahi dugu eskerrak ematearekin batera", adierazi du Junkal Perez Ttakuneko kideak.
Baserritar jantzia prestatzen hasteko ere eskatu dute, urriaren 18an plaza ateratzeko.
Comenta esta noticia
Rellenar los siguientes campos. Los que tienen "*" son obligatorios.