Hernani
Bixente Atxa: "Oso garrantzitsua da profesional berriak eleaniztasunean heztea"
18/07/2013 - Comentarios: 0
Hernaniko Galarretan Orona IDeO berrikuntza gunea eraikitze lanetan ari dira. Proiektu horren atzean Orona kooperatiba dago, eta bidelagun ditu Mondragon Unibertsitatea eta IK4-Ikerlan. MUko campus berria irailean hasiko da martxan bi gradu berrirekin: Ekoteknologiak eta Prozesu Industrialetako Ingeniaritza eta Energiaren Ingeniaritza. Gradu hauek euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez emango dira. Bixente Atxak, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko zuzendariak emango digu horien berri.
Zergatik erabaki duzue MUn bi gradu berri hauekin abiatzea?
Energiaren sektorea estrategikoa bihurtu da eta etorkizunean lanpostuak betetzeko beharra izango da. Hurrengo 10 urteetan energia eta ekoteknologiarekin erlazionatutako lanpostu kopurua bikoiztu egingo da.
Zein izan da orain arteko erantzuna?
Oso ona. Ikasle gehienak Buruntzaldekoak dira.
Ingeniaritzako graduak euskaraz, gaztelania eta ingelesez eskaintzen dituzue. Globalizazioa dela eta, ingelesaren garrantzia handitzen den neurrian nola egiten diozue lekua euskarari?
Gure hizkuntza eredua 3 hizkuntzak lantzen oinarritzen da (euskara, gaztelania eta ingelesa). Ikasleek ez dute inolako arazorik ikasketak jarraitzeko. Atzerrira joaten direnek ere, ez dute honengatik arazorik. Gehiago esango nuke; hainbat hizkuntza normaltasunez erabiltzea oso aberasgarria da eta MUn argi daukagu oso garrantzitsua dela profesional berriak eleaniztasunean heztea.
Bestalde, MUk enpresarekin duen harreman estua dela eta errealitatearen ezagutza handia duzue. Nola ikusten duzu euskararen presentzia enpresetan?
Bi ikuspegi egon daitezke, botila erdi hutsik edo erdi beteta ikus dezakezu. Nik nahiago dut botila erdi betea ikustea. Azken urteetan aurrerapauso handiak egin dira enpresetan lan munduan euskara normalizatzeko. Guri dagokigunez, euskara sustatzeko eragile izan gaitezke : enpresekin harremanak euskaraz landu ditzakegu bai ikerketan bai transferentzian eta etengabeko prestakuntzan ere. Bestalde, ikasleek euren gradu amaierako proiektua enpresetan egiten dute. Hau aukera paregabea da euskara arlo industrialean sartzeko. Beraz, Buruntzaldeko enpresekin batera, elkarlanean, euskara sustatzeko prest gaude.
Comenta esta noticia
Rellenar los siguientes campos. Los que tienen "*" son obligatorios.