Kantuak eta dantza tradizionalak, euskera ikasi eta euskal kultura barneratzeko
12/04/2012 - Comentarios: 0
Banaiz Bagara elkarteak Euskararen Topaketa Mundiala antolatu du datorren larunbatean. Milagrosan izango da, goizeko 11:00etatik 13:00etara. Kultura ezberdinetako lagunek egingo dute bat bertan, eta hernaniarrak ere gonbidatu dituzte parte hartzera.
BANAIZ Bagara Elkartea ahalegin haundia egiten ari da azken urteetan atzerritarrei euskera modu erraz eta erakargarrian irakasteko. Klase teoriko-praktikoak ematen dituzte astero, eta bestelako joku, kantu, dantza, kirol eta hainbat ekintza antolatzen dituzte, atzerritarrei euskal gizartean txertatzen laguntzeko. Geroz eta gehiago dira programa honetan parte hartzen duten pertsonak, tartean, Hernanin bizi direnak.
Hernaniren txanda
Gipuzkoako 7 herritan dago martxan proiektua: Andoain, Astigarraga, Azkoitia, Lasarte, Tolosa, Villabona eta Hernani. Ekitaldi nagusiak, guztiek parte hartzen dutenak, herriz herri antolatzen dituzte, eta kasu honetan, Hernaniri egokitu zaio konpromiso hori hartzea. Datorren asteko larunbatean izango da egun haundia, Euskararen Topaketa Mundiala, eta goiz osoan izango dira ekitaldiak.
Kantuak, dantza, kirola... eta baita sorpresak ere
Topaketa Milagrosan izago da, goizeko 11:00etatik eguerdiko 13:00etara. Helduei dago zuzendua, eta kultura ezberdinetako lagunek hartuko dute parte dantza eta kantu saioetan. Topaketaren helburuetako bat da, euskal kantu eta dantzak ikastea, eta praktikatzeko aukera izatea. Topaketako musika gehiena, partehartzaileak beraiek jarriko dute, hortaz, jatorri askotako musikariak entzuteko aukera izango da. Euskal Kantu eta dantzak erakusteko berriz, irakasleak egongo dira. Topaketa irekia da, eta herritarrei parte hartzeko deia egin diete. Eta sopresaren bat izango dela ere, aurreratu dute. Bukatzean, 13:30etan, luntxa izango da Txema tabernan (Izpizua kalea).
Matias Barbe eta Eva Bravo-Euskera ikasleak: «Euskera jakitea garrantzitsua da integratu eta bertakoa sentitzen hasteko»
Hernanin bi talde elkartzen dira larunbatero, euskera ikastera; bat goizez Biterin, eta bestea arratsaldez Txema tabernan. Matias Barbe eta Eva Bravo euskera ikasleak dira goizeko taldean, ikasturte hasieratik.
ARGENTINARRAK biak, Matias Barbe eta Eva Bravo Hernanin bizi dira. Matias irailean iritsi zen Hernanira Madriletik. Eva Bravok berriz, 5 urte daramazki Hernanin. Biak Banaiz Bagarako euskera taldean ezagutu ziren, ikasturte hasieran. Egunerokotasunean beharrezkoak diren espresio, esaldi, galdera eta hitzak ikasten dituzte bertan, praktikotasuna bilatuz.
Matias Barbe:
«Hernanin bizi banaiz, bertako kultura ezagutu beharra daukat»
Madriletik etorri zen Hernanira irailean Mastias Barbe. Neskalaguna bertakoa du, eta beraz, ezagutzen zuen euskal kultura aurretik. Madrilen bizi zirenean entzuten zuen musika euskeraz, eta hitz batzuk ere, ikasi zituen. Hernanira bizitzera etorri zirenean, argi zuen bertako kultura barru-barrutik ezagutu eta ikasi nahi zuela.
Hala, euskaltegietara jo zuen lehendabizi... baina azkenik, euskera Banaiz Bagara ekimenarekin ikastea erabaki zuen. Ikasturte hasieratik, larunbatero elkartzen da Biterin beste etorkinekin batera: «herri bat benetan ezagutzeko ezinbestekoa da bertako pertsonak, kultura, hizkuntza eta abar ezagutu eta ikastea. Hernanin bizi banaiz eta integratu nahi badut, guztia ezagutzen saiatu behar naiz».
Euskeraz ikasitakoa praktikan jartzea ere gogoko du Barbek: «ikasitakoa ez bada praktikan jartzen, ez du askorako balio. Neskalagunarekin askotan egiten dut euskeraz; edo saiatzen naiz behintzat. Eta taberna, denda edo beste edozein lekutan ere, euskeraz eskatzen dut... askotan zuzentzen didate, baina ikasteko biderik onena dela uste dut».
Eva Bravo:
«Amak ere ikasi nahi zuen euskeraz, eta elkarrekin joaten gara»
Eva Bravok bost urte daramazki Hernanin, eta eskolan hasi zen euskera ikasten. Orain, batxilergoa ari da bukatzen, eta ikasitakoa mantendu, praktikatu eta hobetze aldera, Banaiz Bagara taldean hasi da. Ez bakarrik. Amarekin joaten da larunbatero, honek ere, ikasi nahi baitu euskeraz.
Barberen iritzi berekoa da Bravo; argi du herri batean integratzeko bertako kultura ezagutu eta ikasi behar dela. Anai txikiak ere baditu, eta ondo datozkio praktikatzeko: «ikastolara joaten dira, eta beste edozein hernaniarrek bezala hitz egiten dute euskeraz. Hala, etxean edozein ordutan praktikatzen dut euskera, eta aukera hori izatea garrantzitsua da niretzat».
* Iturria: Hernaniko Kronika
Comenta esta noticia
Rellenar los siguientes campos. Los que tienen "*" son obligatorios.