Gidabaimenaren bidegorria
12/03/2010 - Comentarios: 0
Zergatik euskara EAEn ofiziala dela 30 urte baino gehiago bete direnean Gipuzkoako gazte guztiek gidabaimena gaztelaniaz ateratzen dute?
Nahi dutelako?
Zenbatek?
Euskaraz gai ez direlako?
Zenbatek?
Euskaraz ezin delako?
Zenbatek?
Nahi dutelako? Zenbatek?
Euskaraz gai ez direlako? Zenbatek?
Euskaraz ezin delako? Zenbatek?
Nahitasuna neurtzea zaila da. Nik ez dut daturik. Gaitasuna neurtzea ere ez da erraza, baina hurbilpen txiki bat egin daiteke: Eustaten webgunean dio Gipuzkoan DBHn ikasten ari direnen % 70 inguru ari dela D ereduan eta beste % 25 inguru B ereduan. Agian ez da arriskutsuegia esatea, eskolako ikasketetako hizkuntza ohiturei jarraituz, gehien-gehienak daudela gaituta eta, akaso, gehienek gidabaimena ateratzeko prestakuntza euskaraz errazago edo erosoago egingo luketela. Agian bai.
Komenigarritasunaz ere hitz egin genezake. Gai labainkorragoa da ordea. Hala ere, euskararen biziberritzeari zer komeni zaion definitzerakoan ados egon gintezke, eta horretarako ez dago hizkuntza plangintzan aditua izan beharrik: Gipuzkoako gazte gehien-gehienen hizkuntza garapenean koherente samarra izango litzateke, baita interesgarria ere, derrigorrezko eskola-aldi guztia euskaraz ikasi eta eskolaz kanpoko jarduera praktiko, erakargarri eta diru-ordain garrantzitsua eskatzen duen hori, gidabaimena ateratzea alegia, euskaraz egitea. Nahi lukeenak, bistan da.
Ezintasuna ere neurtu daiteke. Ez da erraza hori ere. Nik Gipuzkoako gazte guztiek gidabaimena gaztelaniaz ateratzen dutela esan dut eta ez da egia osoa izango hori ere. Norbaitek aterako zuen euskaraz lehen ere (eskubidea baitzen) eta norbaitek aterako du orain ere (eskubide izaten jarraitzen baitu).
Nik gaztelaniaz atera nuen orain hogeita bost bat urte. Nire ilobak orain atera du, gaztelaniaz hark ere (bi mila euro inguru ordainduta). Euskaraz ateratzeko eskubidea izan, biok izan dugu, aukera normalizatua, ordea, ez nik orain hogeita bost urte, ez nire ilobak orain bost hilabete.
Ikasketa ereduen aukera modan ez dagoen garai honetan, niri autoeskoletan D eredua zabaltzea eta sustatzea legalki beharrezkoa eta linguistikoki lehentasunezkoa iruditzen zait. Baina nola?
Aukera bat Espainiako Estatuari egiten uztea da. Bera da aukera naturalena (bere eskumena delako) eta gertatzeko probabilitate gutxien duena (azken 30 urte hauetan egin duenari jaramon eginez).
Broma zilegi baldin bazait, Europako Hizkuntzen Egunean adibidez, Estatuak EAEn duen administrazioan izan duen hizkuntza politika zuzen, indartsu eta batez ere proaktiboari jarraipena emateko adierazpena egin lezake, eta ondorioz, araubidean dioena zuzen betez, azterketak euskaraz ere egin ahal izateko neurriak proposatuko lituzke (tartean hizkuntza-eskakizunak egokitzeko proposamenaren barruan aztertzaile elebidunen derrigortasun indizea berrikusiko luke), ikasmaterialak sortzeko bideak jarriko lituzke eta autoeskolei bide hori egiten lagunduko lieke.
Bigarren aukera bat, Gipuzkoan gidabaimena euskaraz ateratzearen aldeko plataforma sortzea izan liteke. Hori ere aukera bat da.
Bestea, hirugarrena, Debagoieneko Mankomunitateak abiatutako bidea hartu, Gipuzkoako autoeskolak, Udalak, Aldundia eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza gurdira igo eta semaforo gorria duen bidea bidegorri bihurtzen hastea da.
Ez da naturalena, baina...
Iñaki Arruti, Lasarte-Oriako Udaleko euskara teknikaria
*Fuente: Gipuzkoa Euskara
Programas
Comenta esta noticia
Rellenar los siguientes campos. Los que tienen "*" son obligatorios.