Buruntzaldea euskaraz

EU | ES
Buruntzaldea euskaraz
Facebook Twitter RSS Harremanetarako

Noticias RSS

Euskerak gora Hernanin

22/08/2012 - Comentarios: 0

Hernani

2011ko irailaren 21etik urriaren 29ra bitartean Hizkuntza-erabileraren Neurketa egin zuen Soziolinguistika Klusterrak Hernanin. Euskal Herrian egiten da neurketa hori, euskera zenbat erabiltzen den jakiteko.

2011ko irailaren 21etik urriaren 29ra bitartean Hizkuntza-erabileraren Neurketa egin zuen Soziolinguistika Klusterrak Hernanin. Euskal Herrian egiten da neurketa hori, euskera zenbat erabiltzen den jakiteko.

Azken neurketen arabera Hernaniko kaleetan hamar hizketalditik ia lau, %39,1a hain zuzen ere, euskeraz egin ohi dira; alegia, gora egin du 2006tik (%31); eta oso gora egin du 1989tik (%21,3). Gaztelania da nagusi Her­nanin (%60,3), eta %0,6a en­tzuten da beste hizkuntzaren batean. Kon­pa­razioa egiteko, Euskal He­rrian bataz beste kaleko hizketaldien %13,3 dira euskeraz, eta Gipuzkoan %32,7; Hernanin, beraz, zifra dezente altuagoetan gabiltza, kontuan hartuta %55,8 direla euskeraz dakitenak (azken datua 2006koa da).

Kalean jendeak zenbat euskera erabiltzen duen lehenbiziko aldiz 1989 urtean neurtu zen, eta geroztik lauzpabost urtean behin egiten da. Neurketa egiteko, aurrez, egun, ordu eta ibilbide ba­tzuk markatzen dira, eta horietan kalean topatutako jendea zein hizkuntzatan hizketan ari den neurtzen dute, eurei zuzenean ezer galdetu gabe. Taldeen konbertsazioetan erabilitako hizkuntza apuntatzen da, eta horrekin batera, euskeraren erabileran eragina duten eta neurketetan kontuan hartzen diren aldagai batzuk: sexua, adina eta haurren presentzia. 2011ko neurketaren emai­tzak eta azterketa oraintxe ezagutu dira.

Ereñotzun gehien, Larramendi-Lizeagan gutxien

Herriko azterketa egiten aritu zirenean, bederatzi zonatan banatu zuten Hernani. Ho­rre­la, auzo bakoitzeko erabilera ere neurtu ahal izan da. Ho­nakoak dira euskeraren erabilera datuak auzoka: Antziola %39,6; Elizatxo-Portu %40,7; Erdigunea %42,6; Ereñotzu %94,1; Gartzia Goldaraz-Kar­melo Labaka %34,1; Karabel-Zikuñaga %42,4; Larramendi-Lizeaga %19,6; Marieluts-Latsunbeberri %41,7; Sagas­tial­de-Florida-Etxeberri %31,4.

Argi ikusi daiteke Ereño­tzu dela, alde haundiz (%94,1), euskera gehien en­tzuten den zonaldea. Kontra­ko joera nabaritzen da ordea Larramendi-Lizeaga zonaldean, hemen daude herriko ehuneko bajuenak (%19,6). Beste zazpi zonaldeak emai­tza orokorraren bueltan da­biltzala dirudi.

Euskerak gora egin du Hernanin

1989an Euskal Herriko hizkuntza-erabileraren kale neurketa egiten hasi zenetik baditugu Hernaniko datu orokorrak. Goiko grafikoan ikusi daitekeen bezala erabilerak nabarmen egin du gora azken 22 urteotan. Hernani­ko neurketa zehatza (zonaldeka) 2001ekoa dugu lehena, eta honek ere zenbait datu uzten ditu agerian. Azken ­ 10 urteotan erabilera %27,9­an egotetik %39,1ean egotera iritsi da, eta 2006an egin zen neurketatik %8,1eko saltoa egin du.

Umeek hitz egiten dute gehien euskeraz, %57,2

Gizonen eta emakumeen artean ez dago desberdintasun nabarmenik euskeraren erabileran; hala esaten du Soziolinguistika Klusterrak argitaratutako azterlanak. Baina adinaren kasuan bestela gertatzen da, edadeak badauka garrantzia hizkun­tzaren erabileran: zenbat eta belaunaldi gazteagokoak izan, orduan eta gehiago erabiltzen dute hernaniarrek euskera. Horrek esan nahi du, umeak direla euskeraz gehien hitz egiten dutenak (ehunekoetan adierazita %57,2a). Gazteek jarraituko diete %47,8ko datuekin; helduak segidan %34,3rekin, eta adinekoak gelditzen dira atzeen, %17,7rekin.

Azterketak erakutsi du beste fenomeno deigarri bat. Jende helduak euskera askoz gehiago erabiltzen du haurren batekin ari denean; erabilera bikoiztu egiten da, konbertsazioen %50eraino iritsiz. Baina helduak euren artean (haurrik gabe) dabil­tzanean, gaztelaniak hartzen du indarra euskera %23-24an utziz.

Udalak balorazioa egingo du irailean

Udalak adierazi du irailean Soziolinguistika Klusterrak egindako txostenaren azalpen eta balorazio publikoa egiteko asmoa duela.

 

Comenta esta noticia

Rellenar los siguientes campos. Los que tienen "*" son obligatorios.

© 2013 Buruntzaldeko Euskara zerbitzuak
Contacto | Accesibilidad | Aviso legal
CSS | XHTML | WAI-A | iametza interaktiboa

Andoain Astigarraga Hernani Lasarte-Oria Urnieta Usurbil